Ur Handitan
Asteartean
Zaldibarko ospitale psikiatrikoak ateak zabaldu dizkio 'Ur Handitan' saioari
EiTB
Gaixotasun mentala duten hiru protagonistek eta bertako langileek psikiatrikoa barrutik erakutsi dute.
Asko dira Euskal Herrian dauden zentro edo ospitale psikiatrikoak, baina ezer gutxi dakigu beraiei buruz. Oraingo honetan, hesiak gainditu, eta Zaldibarko ospitale psikiatrikoko ateak ireki diote 'Ur Handitan' saioko lantaldeari. Bertan, gaixotasun mentala duten hiru protagonistak eta bertako langileek psikiatrikoa barrutik erakutsi dute. Gorka, Garazi eta Ruperren bizipen pertsonaletatik abiatuta, ospitaleko egunerokoa, beraien beldurrak eta bizipenak ezagutu ditugu.
Arrazoi desberdinek eraman zituzten ospitalera gure gaurko protagonistak. Familiarengandik aldenduta bizitzen ikasi behar izan dute, oro har, batere gustuko ez duten toki itxi batean. Sartu-irtenean bizi izan dira Garazi, Ruper eta Gorka.
Ruperrek 41 urte ditu, eta ia bizitza erdia Euskal Herriko hainbat psikiatrikotan eman du. Gogoratzea gustuko ez duen gertaera baten ondorioz sartu zuten lehen aldiz, eta, ordutik, 10 bat ospitaletan egon da. Horrelako toki batean bizitzeak dakarren estigma mingarria zaio, baina gehienetan ezjakintasuna eta aurreiritziak direla medio jendeak gaixotasun mentala duten pertsonen inguruan egiten dituen iruzkinei jaramonik ez egiten saiatzen da. Hesi horien beste aldera gozatuko duen bizitzarekin egiten du amets. Irteera hori noiz izango den, ordea, ez daki.
Garazik 32 urte ditu, eta, gaztetatik, drogak izan dira bere arazo nagusia. Horrez gain, edo horrek eraginda, hori ez badakite ere, gaixotasun mentala dauka Garazik. Hamaika aldiz sartu dute ospitale psikiatrikoetan. Bere iritziz, azken hau izan da gogorrena, baina baita eraginkorrena ere. Zaldibarren bere bizitza eta burua berriz argi eta aske ikusi dituela kontatu digu. Hala kontatu digu Clarak ere, Garaziren amak: urte luzez galdua izan duen alaba berreskuratu du. Senidea hesiaren beste aldera sartzeko erabakiaren gogortasunaz eta gaixotasun mentalak duen estigmaz eta pisuaz hitz egin digu. Laster izango du alaba etxean, eta, gogo handia izan arren, beldurra ematen dio une horrek.
Gorka dugu hirugarren protagonista. 43 urte ditu, eta bizitza erdia ospitale psikiatrikoetan eman du. Eskizofrenia dauka, eta gaixotasunak eragiten dizkion paranoiak ezagutzen eta horiekin bizitzen ikasi du. Etxebizitza bila dabil ospitaletik irten eta bere bizitza egiteko, baina, gaixotasunaren estigma dela medio, ez zaio erraza aukera hori topatzea. Bera joan zen ospitale psikiatrikora, egun bizitzeko daukan toki bakarra da eta.
Haiekin batera, Zaldibarko psikiatrikoan lanean diharduten pertsonak ere ezagutuko ditugu: Ana gizarte langilea, Sabin erizain laguntzailea, Javi erizaina eta Dolores psikiatra. Nolakoa da ospitale psikiatriko bateko langilea izatea? Zer harreman sortzen dira gaixo eta langileen artean? Zerk eramaten du pertsona bat psikiatrikora? Nolakoa da bertako eguneroko bizitza?
Zaldibarko ospitale psikiatrikoaren errealitatea, astearteko 'Ur Handitan' programan, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.