Ur Handitan
22:00etan
'Euskararen periferiak' erreportajea ikusgai, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EiTB
Arabako Errioxan, Nafar Erriberan, Karrantzan eta Zuberoan izango da Xabier Madariaga hango euskararen errealitatea ezagutzeko.
Euskaraz bizi eta euskaraz hitz egitea ez da gauza bera Tolosan, Bilbon edo Tuteran. Gure bizilekuak gure hizkuntzarekiko harremana baldintzatzen du. Gaur gauean, "Ur Handitan" saioan, periferian bizi diren euskaldunen errealitatea eta atmosfera ezagutuko dituzte. Horretarako, Euskal Herriko lau herri periferikotara joango dira.
EiTBren egoitzatik atera, eta Arabako Errioxara joango da "Ur Handitan". Urteetan euskaldunduz joan den ingurua bada ere, zaila da oso euskaraz aritzea bertan, hala kontatuko du Arantzazu Lopez de Aldak; Samaniegon bizi da bera. Ekora da bertako beste herri bat: bertan zaila da euskara kalean entzutea, eta hantxe sortu zen ETS (En Tol Sarmiento) musika taldea. Iñigo Etxezarreta taldeko abeslariak azalduko duenez, taldekide gehienek euskaraz jakin ez arren, abesti guztiak euskara hutsean abesten ditu taldeak.
Nafar Erribera izan da bigarren geltokia. Eremu ez-euskalduna izanik, euskaraz bizi eta irautea eguneroko borroka dela adierako du Itziar Elejaldek, Argia ikastolako irakasleak. Ikastolako ama den Itziar Buñuelek ere euskararen egoera zaila dela dio. Buñuelen bizi da, eta herrian bi familiak egin dute seme-alabak euskaraz hezteko hautua.
Bizkaira itzulita, Karrantzara joango dira, Burgos eta Kantabria mugan dituen Enkarterriko herrira. Duela ia 30 urte iritsi zen bertara D eredua, eta herria euskalduntzen ari da pixkanaka, bertako irakasle den Maibe San Nicolasen esanetan. Sonia Gonzalez, Karrantzako euskaldunetako bat eta eskolako ama, urte batzuetan Bilbon bizi izan bada ere, Karrantzan jaioa da eta bertan bizi da egun. Gaztelaniaz jaio eta hazi bazen ere, euskaraz ikasteko hautua egin zuen, eta, ahal duen neurrian, euskaraz bizi da orain.
Bidaiaren azken geralekua Zuberoa da. Maulen eta administratiboki Zuberoatik kanpo dagoen Eskiula herrian izango dira. Joera alderantzizkoa da hemen: Maika eta Mixel Etxekoparrek eta Jean Castellonek azalduko dute zaharrenek eutsi egiten diotela, baina gazteenak euskara galdu eta ahazten ari direla.
Euskararen periferiak erreportajea, "Ur Handitan" saioan, gaur gauean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.