Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:00etan

Surfa Euskal Herrian, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EiTB

'Artetxetik Tokiora' atalak euskal surfaren historiaren berri emango digu, hasierako eta egungo protagonisten eskutik.

0:29
Pertsona bat surf egiten

2020ko Tokioko Olinpiar Jokoetan bihurtuko da surfa kirol olinpiko. Bertan lehiatzeko borrokan ari dira elite mailako euskal surflariak. Euskal Herriko surfaren aitzindariek, 60ko hamarkadan hasi zirenek, ordea, anekdotatzat dute orduan abiatu zuten abentura. "Ur Handitan" saioak Artetxetik Tokiora atala eskainiko du gaur, eta euskal surfaren historiaren berri emango digu, hasierako eta egungo protagonisten eskutik kontatuta.

60ko hamarkadan, Artetxe anaiak izan ziren Hego Euskal Herriko kostaldean olatuak hartzen lehenak. Egun 86 urte dituen Iñaki Artetxe donostiarra izan zen taula horien lehen egilea. Javier Artetxe anaia Espainiako lehen surf txapelduna izan zen, eta hark ere ez du meritu makala, 70 urterekin ez baitio olatuak hartzeari utzi. Atzo balitz bezala gogoratzen dituzte hasierako garai hura, sorosleek zein poliziak Grosen taulekin sartzea debekatzen zieten garaia, eta lehen olatu hura egoki hartzerainoko prozesua. Azken finean, beraiek asmatu zuten, inongo erreferenterik gabe, olatuz olatu, kirol hura.

Euskal surfaren aitzindari diren bi anaia geldiezin horiekin hasi, eta gaur egun elite mailan lehiatzen diren hiru euskal surflari ezagutu ditugu: Leticia Canales, Andy Criere eta Garazi Sánchez.

Leticia Canales 24 urteko sopelarrak garbi izan du txikitatik surflari profesionala izan nahi zuela. Hamar urterekin eskolako idazlan batean "surflari profesionala" izan nahi zuela idatzi zuen, eta ordutik ez da gelditu. Profesionaltasun hori maila gorenera eraman du, eta Fadurako Teknika Hobekuntzarako Zentroan bizi da egun, Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izateko ahalegin guztiak egiten.

Andy Criere hendaiarrak ez zuen haurtzaro erraza izan. Hiperaktibitateak eta bizitzarekiko motibaziorik ezak hainbat arazo eragin zizkion eskolan zein eskolatik kanpo. Surfa ezagutu zuenean, kasualitatez topatu zuen bizitzan behar zuen oreka. 14 urte zituela, nazioarteko lehen babesleek fitxatu zuten, eta elite mailako kirolari baten bideari ekin zion. Pasioz betetako bidea izan arren, sufritua da, bere esanetan, oso gazte zela munduan bakarrik eta helburu argirik gabe sentitu izan baita askotan. Itsasoak, ordea, dena sendatzen dio. Surflari olinpiko bilakatzea du ametsa.

2018an, Espainiako txapelduna eta Europako hirugarrena izan zen Garazi Sánchez. Urte horretan bertan, baina, istripu larria izan zuen. 10 hilabete luzez oinez ikasi behar izan zuen berriro, bai eta surf egiten ere. Egun, bereak eta bi sufritu ondoren, Tokio 2020 du buruan.

"Ur Handitan" astearteetan izaten da ikusgai, 22:00etan, ETB2en eta eitb.eus-en.