Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:00etan

Heriotzaren inguruko solasak eta gogoetak, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan

EiTB

Death Cafe gunean hainbat lagunek hiltzearen inguruan naturaltasunez egingo dituzten hausnarketak bilduko ditu aste honetako saioak.

0:24
'Ur Handitan' saioa

Heriotza tabutzat duen gizarte batean bizi gara. Hilko garela pentsatze hutsak ikaragarrizko beldurra ematen dio jende askori. Horregatik, lagun edo senideen arteko eztabaidetan nekez ageri da heriotzaren gaia.

ETB1eko "Ur Handitan" saioko gaurko protagonistek barneratuta dute lehenago edo geroago baina hil egingo direla. Ikaspen eta onarpen prozesu baten ondorioz, beldurra galdu diote heriotzari, eta, normalizatu duten heinean, bizitzaz gehiago disfrutatzen ikasi dutela aitortu digute.

Hori guztia, beren beldur, hausnarketa eta sentimenduak Death Cafe izeneko espazio goxo batean azaltzen dituzte beste hainbat lagunekin batera. Bertan izan da "Ur Handitan" saioko taldea ere, haien barre eta pasarteen lekuko.

Manex Azpeitiko Death Cafearen antolatzaileetariko bat da. Duela hiru urte, alargun gelditu zen, 2 eta 8 urteko bi semeren ardurarekin. Emaztea hil zen egun berean, argi eta garbi esan zien umeei ama ez zela sekula itzuliko. Gogorra bezain lagungarria izan zitzaion gauzak hasieratik horren garbi adieraztea. Heriotza barneratuta eta onartuta du, eta, horri esker, askoz ere zoriontsuago bizi dela aitortzen du.

Han ikusiko dugu Saioa ere. Erizain laguntzaile lanetan ibili da, eta heriotza gertutik ikusi du hainbatetan; besteak beste, orain gutxi, osabarena. Zainketa aringarrietan egindako formakuntza eta Death Cafeetan entzun eta ikasi duena oso lagungarri izan zaizkio heriotzaren aurrean zer egin eta nola jokatu jakiteko. Saioak ere heriotzari beldurrik ez diola aitortu digu.

72 urterekin, Kontxitak Azpeitiko Death Cafe guztietan parte hartu du. Betidanik izan da oso emakume beldurtia, baina horri buelta ematea lortu du. Manexi esker, bilera hauetara joaten hasi zen, eta, orain, beste begi batzuekin begiratzen dio heriotzari.

Heriotza oso presente egon da gure hurrengo protagonistaren bizitzan. Iñakiren familia bost pertsonaz osatuta zegoen: gurasoak eta hiru seme-alaba. Gaur egun, Iñaki besterik ez da geratzen. Bizitza iraupen prozesu bat izan da berarentzat. Meditazioa lantzen hasi zen, eta, gero, gorputza. Horrela jaio zen Urbizixa, bizia eta heriotza lantzen laguntzen duen proiektua. Iñaki izan zen Death Cafearen antolatzailea, Manexekin batera.

Barrez eta itxaropenez betetako Death Cafea, Azukrerik gabe, gaur gauean, 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.