Itxi

Ur Handitan

Ur Handitan

Ur Handitan

22:15ean

Eraso matxistei buruzko "Ur Handitan" saioa, gaur gauean

EITB Media

Xabier Madariagak indarkeria matxista lehen pertsonan bizi izan duten emakumeak hartuko ditu protagonista.

0:29

Azken urtebetean, 62 milioi emakume indarkeria matxistaren biktima izan dira Europan. Indarkeria matxistak ez du bereizketarik egiten: gazteak, helduak, jatorri eta klase sozial askotarikoak… Gaurko "Ur Handitan" saioak eraso matxistak lehen pertsonan bizi izan dituzten emakume horietako batzuen testigantzak bilduko ditu.

Gizartearen erdia bizi da eraso matxisten arriskupean, eta zama horrek haien egunerokotasuna baldintzatzen du. Hala gertatzen zaio saioaren lehen protagonistari eta bere esperientzia lehen aldiz kamera aurrean kontatu du. Duela zortzi bat urte hasi zen berarentzat amesgaiztoa. Bere bikote izandakoak eraso egin zion, eta horrek eragin zizkion sentipenez eta bizipenez jardun da. Gertatutako guztian babes falta sumatu duela, eta bakarrik, epaitua eta baztertua sentitu dela kontatu dio Xabier Madariagari.

Maite Bidarte kazetariak emakume gazteek egunerokotasunean jasaten dituzten erasoez hitz egin du, eta berari gertatutakoak ere aipatu ditu. Bestalde, orain dela lau urte, ezker abertzaleko hainbat eremutan erreferentea zen gizon batek botere hori aprobetxatu zuen neska gazteak biluzik ageri ziren argazkiak ateratzeko. Maddi Ane Txoperenak gertatutakoa kontatu du.

Katia Reimbergek ere gertu-gertutik ezagutzen du zer den erasoa jasatea, zaintza-lanetan eta kartzelan bizi izan baitituzte bai berak eta baita bere kideek ere bateko eta besteko erasoak.

Gurasoen etxeko atarian ezezagun batek eraso egin zion Alaitz Artetxeri, eta horren ondoren bizi izan zuen prozesua izan du hizpide saio honetan. Epaitegietan, errudun sentimendua izan zuela azaldu du, sentsazioa zuelako zalantzan jartzen ziotela kontatzen zuena.

Bestalde, Kai Nakai musikariak sare sozialen bidez eskatu gabeko argazki bat jaso zuen: argazki "desaproposa eta biolentoa". Publikoki salatzea erabaki zuen, bere barruak husteko eta halako egoerak gertatzen direla ikustarazteko.

Niri ere bai eraso matxistei buruzko "Ur Handitan" saioa, gaur, 22:15ean, ETB1en eta eitb.eus-en.