Ur Handitan
22:30ean
Emakumezkoen futbolaren bilakaeraz eta etorkizunaz, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EITB Media
Nolakoak dira emakume futbolariak? Trabarik izan al dute emakume izateagatik? Zein da beraien egunerokotasuna? Zeintzuk dira beraien kezkak? 'Futbola baino gehiago' atalean erantzungo diete galdera hauei protagonisten eskutik.
Emakumezkoen futbola bertatik bertara ezagutuko du "Ur Handitan" saioak Futbola baino gehiago atalean. Gizonezkoen izarren Ligatik urruti, emakumezkoen futbola bestelakoa da; hezur-haragizko pertsonek osatzen dute eta aspaldion, haize berriak dakartzate.
Hasteko Bartzelona aldera egingo du Xabier Madariaga aurkezleak, bertan, Irene Paredes Hernández legazpiarrarekin hitzartu baita. Egun, Bartzelona Futbol Klubean jokatzen du. Europako talderik onenetako batean aritzeaz gain eta munduko futbol jokalaririk onenetakoa izan arren, kaleko jendearentzat, orokorrean, ezezaguna da, nahiz eta anonimotasun hori ere gustatzen zaion.
Ondoren, denboran atzera egin eta 1971ko Eibar herrira egingo dute salto. Urte horretan, Almudena Urizar Aranzetak eta Marisa Gorrotxategi Gabilondok Euskal Herriaren historiako emakumezkoen lehen futbol partida jokatu zuten Ipurua zelaian. Bestelako garaiak ziren, oso neska gutxi aritzen ziren futbolean, eta, hori gutxi balitz, 71n jokatutako partida hura debekatu egin zuten autoritateek. Hala ere, norgehiagoka hori jokatu eta kontziente izan gabe, emakumezkoen futbolaren aitzindari bilakatu ziren.
Hamaika istorio eta bizipen bilduko dituzte Garbiñe Etxeberria Aranburu, Larraitz Lucas Martín, Ainhoa Tirapu de Goñi, Garazi Murua Astorkiza, Itziar Gastearena Artola, Maddi Torre Larrañaga, Arantza Gallastegui Pérez eta Natalia Arroyo Clavellen eskutik.
Futbol jokalariak zelaian
"Ur Handitan: Futbola baino gehiago", gaur, 22:30ean ETB1en eta eitb.eus-en.