Zuek hor
Gaur, 22:30ean, ETB1en
Jose Luis Korta eta Nagore Osoro gonbidatu, 'Zuek Hor!!' saioan
EITB
Julian Iantzi izango dute elkarrizketatzaile, eta arraun munduaz arituko dira.
Arraun munduan murgilduko da gaurko 'Zuek Hor!!' saioa. Lehenengo gonbidatua Jose Luis Korta arraunlari ohia, patroia eta Kaiku arraun taldeko entrenatzailea izango da. Bigarrena, berriz, Zumaiako nesken arraun taldeko patroia: Nagore Osoro. Elkarrizketatzaile lanetan Julian Iantzi aurkezlea arituko da.
Jose Luis Korta oriotarra arraunlari ohia, patroia eta arraun entrenatzailea da. 66 urte bete berriak baditu ere, sasoi betean dago eta Kaiku arraun taldea entrenatzen dihardu gaur egun. Gainera, azken urte hauetan ETB2ko 'El Conquistador del Fin del Mundo' abentura saioan ikusi dugu, talderen bateko kapitain gisa.
Nagore Osoro 20 urteko ondarroarra da. 10 urte zituela hasi zen Ondarroako arraun taldean patroi lanetan, eta bertan lau urte egin ostean, sei urte daramatza Zumaiako Telmo Deun ontzia gidatzen.
Elkarrizketatzaile lanetan, berriz, Julian Iantzi arituko da, Kalifornian jaiotako aurkezle lesakarra. Azken urteotan, besteak beste, 'El Conquistador del Fin del Mundo' (ETB2) saioan ikusi dugu.
Saioa Aitor Gabilondok gidatuko du, baina bertan izango dira, nola ez, Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio, Ingalaterrako erregina eta bere seme belarrihandia, Torreviejako gizonak, eta Ritxi Frutti di Mare eta bere koinatua, besteak beste. Aste honetan, gainera, Joxe Luisek eta Rikardok Torreviejako hoteleko karaoketik konexio berezia egingo dute. Denen artean, saio umoretsu bat egitea izango dute helburu.
Aitzol Barandiaran bertsolariak biribilduko du saioa, elkarrizketan zehar gonbidatuek aitortu dituzten bitxikeriekin bertso-bertsio musikatu bat egingo baitu zuzenean, Zukutu Band taldearen ezinbesteko laguntzarekin.
'Zuek Hor!!' gaur, 22:30etik aurrera, ETB1en.