Ekonomia -

Volkswagen auzia

Estatuko inbertsioei eutsiko diela baieztatu dio Volkswagenek Soriari

Aipatutako inbertsioen artean, Nafarroan, Landaben fabrikan, sartuko dituen 1.000 milioi euroak daude.

Volkswagen motorrak
Volkswagen motorrak
Volkswagen motorrak

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Soria Industria ministroak gaur adierazi duenez, Mathias Müller Volkswagen Taldeko presidente eta kontseilari delegatu berriarekin batzartu zen atzo Alemanian, eta konpainiak Estaturako aurreikusita zituen inbertsioei eutsiko diela ziurtatu omen zion hark.

Hain zuzen ere, Soriak zehaztu du Volkswagenek aurrera jarraituko duela aurretiaz iragarri zituen inbertsioekin; hau da, 3.200 milioi euro Seat etxeak Martorell (Bartzelona) hirian duen lantegirako, eta 1.000 milioi euro Volkswagenek Nafarroako hiriburuan duen lantegirako (Landaben).

"Erabaki horiek barne batzorde batzuetara eraman behar dituzte oraindik, baina segurua da programa hori beteko dutela", azaldu du ministroak. Konpainiak, bere aldetik, inbertsio horiek egiteko Gobernuaren laguntzak eta tresnak lotuta dituztela gogorarazi zion Soriari.

Duela zenbait hilabete hartu zuen auto-etxe alemaniarrak inbertsioak egiteko konpromisoa, Volkswagen Polo berria Nafarroako lantegian eta Seat Ibiza eta León berriak Martorellen ekoizteko asmoz.

Bilera horretan Müllerrek Soriari esandakoaren arabera, 11 milioi dira isurketa kutsakorren mailak aldatzeko programa duten diesel-motorrak; horietatik 9 milioi Europan daude, eta 683.000, Estatuan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak multinazionalak Espainiako Gobernua bideoak Alemania albisteak Ekonomia albisteak Gaurko azken ordukoa Volkswagen Automobilgintzari buruzko albisteak