Ekonomia -

Nazioarteko Diru Funtsa

Kristalina Georgieva bulgariarra izendatu dute NDFko zuzendari nagusi

Ekonomista bulgariarrak urriaren 1ean hartuko du kargua, Christine Lagarde frantziarraren ordez. Europar Batasunak kargu horretarako proposatu zuen hautagai bakarra zen bera.

Kristalina Georgieva bulgariarra NDFko zuzendari orokor izendatu dute. Argazkia: EFE
Kristalina Georgieva bulgariarra NDFko zuzendari orokor izendatu dute. Argazkia: EFE
Kristalina Georgieva bulgariarra NDFko zuzendari orokor izendatu dute. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kristalina Georgieva bulgariarra Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari nagusi aukeratu dute, Christine Lagarde frantziarraren ordez. Erakunde horretako Zuzendaritza Exekutiboak bart onartu du izendapena.

"NDF historia handiko erakundea da. Nazioarteko herrialdeen arteko lankidetzaren bitartez munduko ekonomiaren eta finantza sistemaren egonkortasuna bermatzeko gai dela uste dut", nabarmendu du Georgievak ohar batean.

Ekonomista eta soziologo bulgariarraren esanetan, "erantzukizun handia da Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean egotea, batik bat hazkunde ekonomikoak huts egiten jarraitzen duenean, herrialde batzuen artean tentsio komertzialak daudenean eta zorra inoizko mailarik altuenean dagoenean".

"Herrialdeei krisi ekonomikoaren arriskua murrizten laguntzea da gure helburu nagusia, dezelerazio ekonomikoari aurre egiteko gai izateko. Halaber, ezin ditugu ahaztu epe luzera ditugun beste helburu batzuk, adibidez, diru, zerga eta egitura politiko onuragarriak babestea ekonomia sendoagoak eraiki eta herritarren bizitza hobetzeko", azaldu du Georgievak.

Georgieva Europako Batzordeko presidenteordea izan zen 2014 eta 2016 bitartean, eta Munduko Bankuko kontseilari delegatua zen 2017tik. NDFko zuzendari kargurako Europar Batasunak proposatu zuen hautagai bakarra zen bera. Ekonomista bulgariarrak urriaren 1ean hartuko du kargua, datozen bost urteetarako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ameriketako Estatu Batuak Europa NDF Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Bulgariari buruzko albisteak