Etxegabetzeak -

Antsoain

Emakume batek bere buruaz beste egin du, hipoteka berrikusi ezinda

Hipotekak Kaltetutako Antsoaingo Plataformaren arabera, biktimak kode etikoaren aplikazioa eskatu zion bankuari, baina aste honetan finantza entitatearen ezezkoa jaso du.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Arazo ekonomikoek itota, bere buruaz beste egin du emakume batek

1:41

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

43 urteko Antsoaingo emakumezko batek bere buruaz beste egin zuen atzo, Laboral Kutxak hipoteka berriro negoziatzeari uko egin ostean, Hipotekak Kaltetutako Antsoaingo Plataformak berri eman duenez.

Biktimak kode etikoaren aplikazioa eskatu zion banketxeari, baina ostiralean bankuaren eskutitz zertifikatu bat jaso zuen aipaturiko kodearen aplikazioa ukatzen ziotela esanez.

Mikel Otazu Hipotekak Kaltetutako Antsoaingo Plataformako kideak adierazi duenez, ez arduratzeko eta gaiaz hitz egiteko finantza erakundera itzuliko zirela esan zioten hildakoari. Hala ere, "ezin izan du ezezko hori jasan", gaineratu du.

Antza denez, duela bi urte Faurecia lantegitik kaleratu zuten eta ondoren, bi urtez, langabezia saria jaso du. Behin hori bukatuta, Hipotekak Kaltetutako Antsoaingo Plataformarekin harremanetan jarri zen hipotekari aurre egin ezin ziola-eta.

Otazuren arabera, "gizarte krudel, bidegabe eta anker honen biktima izan da, zeinak pertsonak egoera horretara heltzea eragiten duen". "Guk plataformatik beti esan dugu ez direla suizidioak, hilketak baizik. Sistemak hil du", azpimarratu du.

Emakumearen gorpua gaur eguerdian erraustu dute Iruñeko hilerrian eta bihar, astelehena, egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna Antsoaingo San Pedro Kaputxinoen elizan.

Bestalde, Hipotekak Kaltetutako Antsoaingo Plataformak mobilizazioak iragarri ditu datozen egunetarako.

"Dolua eta mobilizazioak"

LAB sindikatuak, ohar baten bidez, "Faurecia Orkoien sailaren eta sindikatu guztiaren dolua" adierazi du, "Miren gure kidearen heriotzagatik".Halaber, senide eta gertukoei "elkartasuna eta sentipenenik sakonena" helarazi die.

Era berean, sindikatuak "larrialdizko azterketa" egin du "Mirenen heriotzaren inguruan. Bat egiten dugu Antsoaingo eta Nafarroako PAH plataformek egindako balorazioarekin, Laboral Kutxaren erantzukizunari dagokionean, bazterketa sozialean izateko arriskuan zegoen pertsona bati, esaterako, Mireni, hipoteka berregituratzea ukatzeagatik. Gainera, gure ustean, lan arloa ere oinarrizko eragilea izan da ezbeharrean. Kapitalismoaren aritmetika basatian, kaleratzeak, etxegabetze arriskua gehituta, heriotza eragin lezake".

Azkenik, sindikatuak "mobilizaziorako deia" egin du "Laboral Kutxaren eta Faureciaren erantzukizuna salatzeko eta eredu ekonomiko eta soziala errotik aldatzeko".

Honako hauek dira mobilizazioak: astelehenean, 12:00etan, Laboral Kutxaren Buztintxuriko egoitzaren aurrean elkarretaratzea, PAHk deituta; asteartean, 19:00etan, Antsoaingo Udaletxearen plazan, elkarretaratzea PAHk deituta; asteazkenean, 10:00etan, Orkoiengo Udaletxearen aurrean eta 11:15ean Faurecia Orkoien lantegiaren aurrean, eta, azkenik, larunbatean, Iruñeko Gurutzeko Plazatik abiatuta, manifestazioa, 18:00etatik aurrera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa Espainia Iruñea azken orduko berriak Gaurko albisteak Nafarroan Laboral Kutxa berriak Kaleratzeak Gizartea albisteak Antsoain azken ordukoa Etxebizitza Hipotekak