Gizartea -

Genero indarkeria

Juan Carlos Aguilar: 'Bai, guztia aitortzen dut'

'Shaolin faltsuak' bi emakumeak hil arte kolpatu izana aitortu du, fiskalak egindako galderei monosilaboekin erantzunez.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Juan Carlos Aguilarrek bi hilketak aitortu ditu

1:47

E.G. - I.G. - O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maureen Ada Otuya eta Jenny Sofia Rebollo alebosiaz hiltzea egotzita, epaitua izaten ari den Juan Carlos Aguilar "shaolin faltsua"k bi emakumeak hil arte kolpatu izana onartu du gaur Bilbon hasi den epaiketako lehendabiziko saioan. "Bai, guztia aitortzen dut", erantzun dio fiskalak egindako galderari.

Epaiketa 12:17an hasi da, behin herri epaimahaia eta Aretoa osatu ondoren. Herri epaimahaia bost gizonezkok eta lau emakumezkok osatuko dute eta Manuel Ayo Bizkaiko Probintzia Auzitegiko presidentea izango da, ostera, Aretoko buru. Aipaturiko tramitea ateak itxita egin dute eta bi ordu behar izan dituzte horretarako. Epaiketak izugarrizko ikusmina sortu du eta horren adierazgarri dira epaiketa jarraitzeko akreditazioa eskatu duten 119 kazetariak.

Kasuan pertsonatutako aldeen kalifikazioak irakurri ondoren, maiatzaren 25ean eta ekainaren 2an gertatutakoari buruzko hainbat galdera labur egin dizkio fiskalak akusatuari. Aguilarrek monosilaboekin erantzun die fiskalaren galderei eta buruarekin ere keinuak egin ditu. Bestalde, epaiketan zehar lasai azaldu da eta hainbat momentutan begiak itxita egon da.

Fiskalak egindako galdera baten ondoren onartu du bi emakumeak lotu eta hil arte kolpatu zituela. "Bai, guztia aitortzen dut", adierazi du.

Juan Antonio Aguilar shaolin faltsua epaiketa Bilbo. EFE

Juan Carlos Aguilar epaiketako une batean. Argazkia: EFE

Fiskalak haren idatzian jasotako gertakarien inguruan galdegin dio akusatuari eta hark guztia onartu du. Hala, aitortu du maiatzaren 25ean, goizaldeko hiruretan, Bilboko General Concha kalean zegoela, bere ibilgailu (Mitsubishi) barruan, eta orduan Jenny Rebollo agertu zela -ukatu egin du aurrez Jenny Rebollo ezagutzen zuela-. Ondoren, Aguilarrek Maximo Aguirre kalean zuen gimnasiora joan zirela eta bertan emakumea lotu eta kolpatu zuela, harik eta heriotza eragin zion artea. Hurrengo egunetan gorpua zatikatu eta begien bistatik kendu zuen.

Gainera, onartu du ekainaren 2an, goizaldeko seietan, Maureen Ada Otuyarekin harremanetan jarri zela General Concha kaleko taberna batean eta, gero, haren gimnasiora joan zirela sexu harremanak izateko asmoz. Emakumea ihes egiten ahalegindu zen, baina akusatuak berriz ere barrura sarrarazi eta logela batean sartu zuen. Segidan, eskumuturretatik eta lepotik lotu ostean, kolpatu eta soka batekin ito egin zuen.

Aguilarrek uko egin dio akusazioaren galderak erantzuteari. Gainera, akusazioak bost minutuko etenaldia eskatu du akusatuaren kontrako frogak birformulatzeko.

Behin hurrengo saioetako lekukotzak zehaztuta, epaileak 13:45ak aldera amaitutzat eman du gaurko saioa.

Kartzela eskaera: 40 eta 45 urte bitartean

Epaiketaren hasieran, Aguilarren abokatuak baieztatu du haren bezeroak bi hilketak alebosiaz egin izana onartzen dituela, ez ordea, basakeriaz egin izana. Halaber, adierazi du "shaolin faltsua" prest dagoela biktimei kalte-ordaina emateko.

Puntu horretan, fiskalak herri-epaimahaiko kideei gogoratu die akusatuak ?bere borondatez? aitortu zituela leporatzen zaizkion ekintzak.

?Bi emakume hil zituela aitortu du, hil aurretik eskuak lotu zizkiela, ez ziela defenditzen utzi eta aitortu du bazekiela zer egiten ari zen, egin nahi zuela eta egin egin zuela. Ez zuen erotuta zegoenik esan, ondo baino hobeto zekien zer egiten ari zen. Aitortu ez duen gauza bakarra Maurenen kontrako basakeria da?, azaldu du.

Rebolloren abokatuak, berriz, Aguilarri 20 urteko kartzela zigorra ezartzea eskatu du haren bezeroaren hilketagatik eta ez 15 urtekoa. Aguilarrek gorpuari egin zizkion argazkiak aipatu ditu (?perbertsio? bat haren ustez) eta baita gorpua disekzionatzeko modua zigor altuago bat justifikatzeko. ?Hogei urtekoa izan behar du?, azpimarratu du.

Fiskalak 40 urteko kartzela zigorra (20 urtekoa emakume bakoitzeko) eskatu du bi emakumeen hiltzailearentzat, azpikeriaz egindako hilketa-delitua egotzita. Horrez gain, 286.800 euroko kalte-ordaina eta 40 urtez gaitasungabetzea eskatu du fiskalak. Herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) eta akusazio partikularrak (biktimen senitartekoak), berriz, 50 urteko espetxe zigorra galdegin dute azpikeriaz eta basakeriaz egindako hilketa eta legearen aurkako atxiloketa leporatuta.

Clara Campoamor elkartearen aburuz, Aguilar "serieko hiltzailea da", eta atxilotu ez balute, "heriotza gehiago egingo zituzkeen". Elkarte feministaren esanetan, 'shaolin faltsua'k basakeriaz hil zituen bi emakumeak.

Hilketak samin handia eragin zuen

29 urteko Maureen Ada Otuya nigeriarraren eta 40 urteko Jenny Sofia Rebollo kolonbiarraren hilketek euskal gizartea eta, batez ere, Bilbo astindu zituzten. Aguilar Indautxu auzoan zegoen Zen4 arte martzialen gimnasioaren jabea zen, eta hiribilduan oso ezaguna zen; izan ere, asko ateratzen zen hedabideetan, eta Txinan ikasitako Shaolin maisua zela zioen (gezurra zela jakin zen gerora).

Auzitegira sartu aurretik, Jorge Garcia Gasco Jenny Rebolloren familiaren abokatuak adierazpenak egin ditu. Aguilarrek aitorpena mantentzea espero du abokatuak, baina, "epaimahaiaren aurrean eserita dagoenean zer egingo duen berak bakarrik daki".

Bestalde, Maureen Ada Otuyaren lagunek zigorrik handiena eskatu dute Aguilarrentzat. Emakumeak ?basakeriaz? hil zituela azpimarratu dute, epaiketa hasi aurretik. Clara Campoamor elkarteko abokatu batekin arituko da Otuyaren familia, abokatu bat kontratatzeko dirurik ez baitute.

Shaolin faltsua epaiketa Bilbo. Elkarretaratzea biktimak

Epaiketa paralelorik ez egitea eskatu du Ibarrak

Bestalde, Juan CArlos Ibarra EAEko Auzitegi Nagusiko presidenteak epaiketa "paralelorik" ez egitea eskatu du, shaolin faltsuak hil zituen bi emakumeak "berriz biktima ez bihurtzeko". Ibarrak azpimarratu du hedabideek Justizia Administrazioaren eta herritarren arteko "bitartekaritza lana" egingo dutela.

Dozenaka lekukotza

Epaiketak hiru aste iraun behar zuen (10 saio) ere, Aguilarrek hilketak onartu dituenez, litekeena da astebetean amaitzea (herri-epaimahaiak maiatzaren 5ean eman behar zuen bere epaia).

Juan Carlos Aguilarrek gaur bertan deklaratuko du. Ondorengo egunetan, dozenaka ertzain eta lekukoren eta Espainiako Toxikologia Institutuko eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko mediku eta teknikarien testigantzak entzun ahalko dira.

Horrez gain, Jenny Sofia Rebollo eta Aguilarrekin harremanak izan zituzten beste emakume batzuk agertzen den bideo eta argazkiak ere ikuskatuko dituzte.

Juan Carlos Aguilar Palentziako Dueñas espetxean izan da orain arte. Handik Zaballako kartzelara (Araba) ekarri dute eta bertatik, Bilboko epaitegira. Ofiziozko abokatua du Aguilarrek, aurretik zuen abokatuak, Javier Beramendi abokatu ezagunak, hura defendatzeari uko egin ostean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko albisteak Indarkeria matxista gaur Epaiketak