Gizartea -

EPAIKETA

'Madrid Arenako tragedia arduragabekeria izan zen', fiskalaren arabera

'Madrid Arenako tragedia ez zen zorigaitzeko istripu bat izan, auzipetuen  hainbat jokabide arduragaberen ondorioa baizik', ondorioztatu du Ana Muñoz fiskalak.

Urtarrilean hasi zen Madrid Arenako ezbeharra argitzeko epaiketa. EFE.
Urtarrilean hasi zen Madrid Arenako ezbeharra argitzeko epaiketa. EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Madrid Arena auzian, Fiskaltza ondorioen txostena aurkezten hasi da gaur. Ana Muñoz fiskalak idatzi horietan jaso duenez, "Madrid Arenako tragedia ez zen zorigaitzeko istripu bat izan, auzipetuen  hainbat jokabide arduragaberen ondorioa baizik". Hamahiru auzipetuek "jokabide arduragabeak" izan zituztela  frogatuta geratu da epaiketan, fiskalaren ustez.

Ministerio Publikoaren txostenaren arabera, auzipetuek "arrisku egoera" sortu zuten ezbeharraren egunean bertaratu ziren guztientzat, eta "ez zuten jakin arrisku egoerari aurre egiten". "Ondorioz, bost lagun hil ziren", zehaztu du Muñozek.

Gaineratu duenez, "heriotzak ekidin zitezkeen", antolatzaileek arriskuaz ohartarazi izan balute hasieratik.

Bereziki, Miguel Angel Flores enpresariaren eta ikuskizunaren sustatzaile nagusiaren "ardura" azpimarratu du fiskalak, behar baino sarrera gehiago saltzearen erantzule nagusia delakoan.

Madrid Arena, egun horretan, 10.620 lagun hartzeko prestatuta zegoen arren, Floresek 16.661 sarrera saldu zituela esan du fiskalak. Hasiera batean, 22.800 saltzea leporatu zioten.

Gainerako auzipetuei dagokienez, horiek ere tragediaren erantzuleak direla esan du Ministerio Publikoak, besteak beste, irteera ateak ez zituztelako modu egokian zabaldu eta koordinazio eta zaintza lanak ez zituztelako zuzen egin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea