Gizartea -

Proxima B

Bizitzeko baldintzak dituen planeta bat aurkitu dute

Lurretik 4,2 argi-urtera (40 bilioi kilometro) dago, eta orain arte espazio-ontzi batek inoiz hartu duen abiadura handienean (60.000 km/h), 75.000 urte beharko lirateke bertara heltzeko.

Aurkitu duten planeta berria. Atzean, 'Proxima Centauri' izarra. Ilustrazioa: ESO/M. Kornmesser
Aurkitu duten planeta berria. Atzean, 'Proxima Centauri' izarra. Ilustrazioa: ESO/M. Kornmesser
Aurkitu duten planeta berria. Atzean, 'Proxima Centauri' izarra. Ilustrazioa: ESO/M. Kornmesser

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazioarteko astronomo talde batek bizitzeko baldintzak eskaintzen dituen planeta bat aurkitu du espazioan. Lurraren pareko planeta bat da, eta Eguzkiaren antzeko beste izar baten inguruan orbitatzen du. Astronomo talde horren arabera, planeta arrokatsu horrek azalean ur likidoa izateko kokapen eta tenperatura egokiak izan ditzake.

Proxima B izena jarri diote, eta eguzki-sistemaz kanpo bizitzeko baldintzak dituzten planeta guztietatik Lurretik hurbilen dagoena izan liteke. Proxima Centauri izarraren inguruan orbitatzen du, eta hamaika egun behar ditu Lurretik gertu dagoen nano gorri horren inguruan buelta oso bat emateko. Proxima Centauri izarra Centaurus konstelazioan dago, eta beste bi izar ditu ondoan, askoz ere distiratsuagoak.

'Proxima b' planeta 'Proxima Centauri' izarraren inguruan bira egiten. Ilustrazioa: ESO/M. Kornmesser

Proxima B planeta, Proxima Centauri izarraren inguruan biran. Ilustrazioa: ESO/M. Kornmesser

Astronomoek 2013. urtean aurkitu zituzten planeta berriaren lehen zantzuak, baina arrasto horiek ez ziren sendoak. Hiru urte geroago, European Southern Observatory (ESO) taldeko astronomoek Proxima B begiztatzea lortu dute, eta, punta-puntako teleskopio handi batzuei esker, behaketa hobeak egin ahal izango dituzte aurrerantzean. Alde horretatik, aurkikuntza horren garrantzia azpimarratu dute astronomoek, unibertsoko beste eremu batzuetan bizitzarik ote dagoen aztertzen lagundu dezakeelako.

Planeta berria aurkitu duen astronomo taldeko kideetako batek, Cristina Rodriguezek, aurkikuntza hori baieztatu du. Horren esanetan, baina, Lurretik 4,2 argi-urtera (40 bilioi kilometro) dago, eta orain arte espazio-ontzi batek inoiz hartu duen abiadura handienean (60.000 km/h), 75.000 urte beharko lirateke bertara heltzeko.

Era berean, Rodriguezek adierazi du mota horretako aurkikuntza garrantzitsuek herritarren irudimena handitzen dutela. Planeta berri horretan bizitzeko baldintzak egon arren, bertako bizitza ez litzatekeela egun ezagutzen dugun mundukoa bezalakoa izango gaineratu du. Dena den, azalean ur likidoa izateko baldintzak bete ditzakeela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Zientzia berriak Astronomia Unibertsoa Planeta-sistemei buruzko azken ordukoa