Gizartea -

Asteburuan

Bost lagun atxilotu dituzte genero indarkeriagatik, Nafarroan

Peraltan, Antsoainen, Burlatan, Mutiloan eta Tuteran izan dira gertaerok. Atxilotuek 33 eta 74 urte artean dituzte.

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan, bost pertsona atxilotu dituzte Nafarroan, genero indarkeria delituak leporatuta, Foru Gobernuak ohar baten bidez zabaldu duenez. Peraltan, Antsoainen, Burlatan, Mutiloan eta Tuteran izan dira gertaerok.

Tafallako Polizia-etxeko agenteek, Udaltzaingoarekin batera, 37 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Ustezko erasotzaileak aurrekariak ditu antzeko delituak egiteagatik, eta bertako bizilaguna da.

Poliziak abisua jaso zuen, emakumezko bat erasoa jasaten ari zelako, kalean. Agenteak heldu zirenean, korrika ihesi zihoan gizonezko bat ikusi zuten, eta ezin izan zuten atxilotu, baina biktimaren bikotekidea zela baieztatu zuten.

Handik minutu batzuetara, biktima artatzen ari zirenean, ustezko erasotzailea berriro agertu zen, eta orduan atxilotu zuten. Atxilotu eta identifikatu ondoren, emakumeen aurkako indarkeria kasuak epaitzen dituen Tafallako 1. epaitegiari eman zioten gertatutakoaren berri.

Antsoainen, Udaltzaingoarekin elkarlanean, 43 urteko gizonezko bat atxilotu zuten. Atxilotutakoak aurrekariak ditu, amarengandik urruntzeko agindua urratzeagatik.

Horiez gain, 74 urteko gizon bat atxilotu zuten Burlatan, tratu txarrak ematea leporatuta; 33 urteko beste bat atxilotu zuten Mutiloan, delitu bera egitea egotzita, eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Tuteran, urruntze agindua urratzeagatik.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Emakumeak tratu txarrak Indarkeria matxista Nafarroa gaur Tutera Burlata Gaurko azken orduko albistea Antsoain albisteak