Gizartea -

Programatutako leherketa

Tuterako iazko leherketa biktimak eragin zuen, bere buruaz beste egiteko

Orain urtebete kalte handiak eta hildako bat utzi zituen eztanda biktimak berak eragin zuen etxeko produktuak erabiliz, bere buruaz beste egiteko asmoarekin.

Gaur urtebete Tuteran gertatutako leherketa suizidio bat izan zen

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Orain urtebete Tutera herria (Nafarroa) kolpatu eta gizon bat hil zuen leherketa biktimak berak eragin zuen bere buruaz beste egiteko asmoarekin, Foruzaingoak egindako txosten baten arabera.

2016ko abuztuaren 10ean, 05:00etan, leherketa handi batek kolonbiar jatorriko Freddy Osma 43 urteko tuterarraren heriotza eragin, horren etxebizitza suntsitu eta kalte handiak egin zituen eraikin osoan. Hori dela eta, hogei bat bizilagun atera behar izan zituzten eraikin horretatik eta ondokoetatik.

Foruzaingoak Eferi adierazi dionez, aztertutako zantzu guztien arabera, biktimak berak "prestatu zuen", "alokatuta zuen etxebizitzaren barruan eztanda programatu bat eginez, azetona peroxidoa erabilita".

Lehergaia denda askotan eskura daitekeen hainbat osagairekin egin daiteke; besteak beste, ur oxigenatua, azido sulfurikoa eta azetona erabiliz. Foruzaingoak azaldu duenez, horiek nahasten direnean, "ondorio lazgarriak eragin ditzakeen lehergaia" osatzen da.

Lehergaia egiteko, ikertzaileen esanetan, "oinarrizko" ezagutzak behar dira, eta hildakoak bazituen, garbiketa enpresa batean egin baitzuen lan, eta bazekien lehergaia egiten, soldadua izan zelako aurretik.

Haren trastelekuan, garbiketarako produktuak hobetzeko erabiltzen zituen substantzia ugari aurkitu dituzte, baita "buruaz beste egiteko erabili zuen gaiaren kantitate txikiak" egin izanaren zantzuak.

Ikertzaileek hainbat hipotesi aztertu badituzte ere, lehergaia beste pertsona batzuk zauritzeko asmoz egin izana tartean, "ez dago zalantzarik" haren helburua bere buruaz beste egitea izan zela.

Horretarako, lekukotzak jaso, eta haren telefonoa, interneteko historiala eta mezuak aztertu dituzte.

Leherketa izan zen gelak ondorioak txikiagotzen lagundu du. Izan ere, eztandaren indarra beherantz eta kanporantz zabaldu zen, barrura eta gora egin beharrean (pertsona gehiago zeuden bertan).

Beste gela batean edo beste solairu batean egin izan balu, ondorioak bestelakoak izango ziratekeela gaineratu dute ikertzaileek.

Txostena epailearen esku utzi dute, eta azken horrek oniritzia eman dio.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroako albisteak Tutera albisteak Gizartea Gaurko azken orduko albistea