Gizartea -

Anoetako istiluak

Ustez Ertzaintzaren jaurtigai batek larri zauritu zuen emakumea Neurologia Zerbitzuko gela batera eraman dute

44 urteko emakumea egonkor dago Donostia Ospitaleko Neurologia Unitatean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteartean Donostian ustez Ertzaintzaren jaurtigai batek larri zauritu zuen emakumea Donostia Ospitaleko Zainketa Berezien Unitatetik Neurologia Zerbitzuko gela batera eraman dute, EITBk jakin duenez. Emakumea, 44 urtekoa, egonkor dago.

Hain zuzen ere, asteartean Anoetako inguruetan izan ziren istiluetan zauritu zuten emakumea, Txapeldunen Ligako Reala-PSG partidaren aurretik, baina hura ez zen istiluetan parte hartzen ari.

Lehen biktima honen senarrak Ertzaintzaren jokabidea salatu zuen Noticias de Gipuzkoa egunkarian. 44 urteko realzalea Ertzaintzak Madril etorbideko dorretik gertu egindako kargan zauritu zuten, larri, "jaurtigai batek" buruan egindako kolpearen ondorioz, senarrak dioenez.

Une horretan, Errondo pasealekua banatzen duen erdibitzailean bakarrik zegoen emakume horrek kolpe handia jaso zuen buruan, belarriaren parean eta 30 metro inguruko distantziatik.

Hasiera batean, futbol-zelaira sartu zen partidara ikusteko, baina bere egoera ikusita, Bidasoko Ospitalera eraman behar izan zuten lehenik, eta zaurien larritasuna zela eta, Donostia Ospitalera, gero.

Ostegunean, beste emakume baten salaketaren berri eman zuen Segurtasun Sailak. Hori ere Reale Arenatik gertu zegoen partida hasi baino lehen, eta Donostiako Udaltzaingoaren aurrean salatu zituen ustez bizkarrean izandako kolpe batek eragindako zauri arinak. Pertsona hori ere ez zen parte hartzen ari partidaren aurretik izandako liskarretan, Sailak onartu zuenez.

Bestalde, Sare Antifaxistak gaur X sare sozialean adierazi du dagoeneko hiru direla zauritutako emakumeak; izan ere, begi batean zauritutako beste emakume bat ere omen dago. Horren aurrean, ertzainen jokabidea "zentzugabea" izan zela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola estatuko azken ordukoa Txapeldunen Liga Donostia Ertzaintza Anoeta-Reale Arena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak