Gizartea -

Indarkeria matxista

Apirilaren 10ean zabalduko dute Nafarroako Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa

Iruñeko Arrosadia auzoan egongo da zentroa, eta bertan indarkeria matxistaren biktima izan diren emakumeei arreta, aholkularitza eta laguntza emango zaie urte osoan, 24 orduz. Iaz, 2.091 salaketa aurkeztu ziren Foru Erkidegoan, aurreko urtean baino % 8,4 gehiago.

Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa. Argazkia: Nafarroako Gobernua
Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa.
Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa. Argazkia: Nafarroako Gobernua

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Datorren apirilaren 10etik aurrera, zabalik izango da Iruñean, Arrosadia auzoan, Nafarroako Sexu Indarkeriei Arreta Integrala emateko Zentroa. Indarkeria matxistaren biktima izan diren andrazkoei arreta, aholkularitza eta laguntza emateko helburua izango du baliabideak, eta urteko egun guztietan, 24 orduz, egongo da irekita.

"Bai soilik da bai" legean jasota dagoenez, Estatuko probintzia bakoitzak halako zentro bat izan behar du, eta Foru Erkidegoa aitzindaria izango da horretan. 

Hala iragarri du prentsaurrekoan Felix Taberna lehen presidenteorde eta Presidentetza eta Berdintasuneko kontseilariak Nafarroako Parlamentuan, eta harekin batera izan da NABI/INAIko zuzendari kudeatzailea den Patricia Abad ere, Nafarroan emakumeen aurkako indarkeria dela-eta 2023an jarritako polizia-salaketei buruzko urteko txostena azaltzeko.  

Zentroan 18 pertsonak egingo dute lan. Tartean izango dira psikologia, abokatutza eta gizarte laguntzako profesionalak. 

Indarkeria matxista jasan duten edo hartatik bizirik atera diren 16 urtetik gorako emakumeei zuzendutako dago zerbitzua, eta arreta bertatik bertara nahiz telematikoki jaso ahalko da. Ez dio axola indarkeria berriki edo iraganean gertatu den, eta ez da salaketarik beharko artatua izateko. 

Ekimenak Europar Batasuneko Next Generation funtsen finantzazioa jaso du (1,1 milioi euro), eta martxan jartzeko behar den gainerakoa (beste milioi bat pasatxo) Nafarroako Gobernuak jarri du. Gizain fundazioak kudeatuko du. 

Salaketak, izozmendiaren punta

Agerraldian iazko salaketen berri ere eman dute. Azaldu dutenez, iaz 2.091 salaketa aurkeztu zituzten, aurreko urtean baino % 8,4 gehiago. 

Ehunekoa hazteak ez du esan nahi kasuak ugaritu direnik, eta berdintasunean adituek kontzientziazio handiagoarekin lotu dute. Izan ere, duela 20 urte 700 salaketa izan ziren, eta ordutik hazi baino ez da egin kopurua. 

Salaketa gehienak, erdia baino gehiago, indarkeria fisiko eta psikikoagatik aurkeztu zituzten; % 17,03, sexu indarkeriagatik, eta % 16,26, urruntze agindua urratzeagatik. Estatistika osatzeko indarkeria psikologikoarengatik aurkeztutako salaketa daude ( % 14,11 izan ziren). 

Dena dela, Tabernak eta Abadek ohartarazi dute kasuen % 8 baino ez dela salatzen azalarazi zuela 2019ko txosten batek. "Salaketak izozmendiaren punta baino ez dira", erantsi dute. 

Erasotzaileei dagokienez, gehiengoa (10etik 7 baino gehiago) biktimaren ezaguna da: kasuen % 36tan bikotekidea da, % 37,21ean bikotekide ohia eta % 7,51ean, senitarteko bat. Erasoen % 12an bakarrik da erasotzailea gizon ezezagun bat. Adinari erreparatuta, erdiak baino gehiagok 30-49 urte dituzte, eta kasuen laurdenean ia, 18-29 urte. 

Indarkeria salatu duten emakumeen % 47,39k 30-49 urte zituen, eta % 27,74, 18 eta 29 urte bitartean. Aipagarria da 10 biktimetatik ia 4k 17 urte baino gutxiago dituztela, gazteen artean salatzeko kontzientziazio maila handiagoa dela iradokita. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Indarkeria matxista Nafarroa Gizarte zerbitzuak berriak Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Feminismoa Sexu erasoak Salaketak