Mundua -

Erasoaren ostean

FARCen aurkako bonbardaketarik ez egiteko agindua, bertan behera

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak esan du gaurko "erasoa nahita egindakoa" dela, eta "horrek aldebakarreko su-etenerako konpromisoa urratzen" duela.

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea. Argazkia: EiTB
Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea.
FARC eta armadaren arteko enfrentamenduak kolokan jarri du bake prozesua

1:28

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak bertan behera utzi du FARCen kanpalekuen kontra bonbardaketarik ez egiteko eman zuen agindua, gerrillariek gaur 11 soldadu hil izanari erantzuteko.

Santosek segurtasun kontseiluaren ostean emandako prentsaurrekoan azaldu duenez, gaurko "erasoa nahita egindakoa" da, eta "horrek aldebakarreko su-etenerako konpromisoa urratzen" du.

Era berean, erasoa "gaitzesgarri" dela eta ez dela "zigorrik gabe geratuko" hitzeman du: "Pisuzko neurriak exijitzen ditu eta ondorioak izango ditu".

Horren harira, Kolonbiako Armadak ez omen ditu etengo "gizartea babesteko edo kontrol militarrerako ekintzak", eta mezua igorri dio FARCI: ez dela presionatzen utziko aldebiko su-etena aldarrikatzeko.

FARCek 10 militar hil ditu

FARCek gutxienez 10 militar kolonbiar hil eta beste sei zauritu ditu Cauca departamentuan, herrialdearen hego-ekialdean, iturri ofizialek jakitera eman dutenez.

Hildakoak bederatzi soldadu eta azpiofizial bat dira, Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileen erasoa pairatu dutenak.

FARCek abenduaren 20ean aldebakarreko su-eten mugagabea deklaratu zuenetik izan den eraso bortitzena da gaurkoa. 2012ko azarotik Habanan Gobernuarekin egiten ari diren negoziazioen baitan aldarrikatu zuen FARCek su-etena.

Gainera, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak FARCen kanpalekuen kontrako bonbardaketak bertan behera uzteko neurria 30 egunez luzatuko zuela iragarri eta astebetera izan da erasoa.

Gobernuaren "inkoherentziarengatik"

FARCek adierazi du Kolonbiako Gobernuaren "inkoherentziaren" ondorio dela erasoa, "operazio militarrak egiten ari delako su-etenean dagoen gerrilla baten kontra".

Felix Antonio Muñoz Lascarro Pastor Alape buruzagi gerrillaria "kezkatuta" agertu da, hala ere, gertakariengatik.

"Segada bat, kontrasegada bat edo eraso hutsa izan, berdin du, garrantzitsuena da kolonbiar batzuk hil direla, eta gelditu beharra dagoela. Ezin da ulertu bake prozesuan gerrillak su etena aldarrikatzen duenean, gerrilla horren kontrako operazioak egitea", berretsi du Alapek.

Alape da Kolonbiako Gobernuarekin negoziatzen ari den gerrillari nagusietako bat, eta dolua helarazi nahi izan die hildakoen senideei, baina gogoeta egiteko exijitu du, gerra gelditzeko eta su-etena aldebikoa izan dadin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea