Mundua -

Programa atomikoa

Akordio historikoa itxi dute Irango programa nuklearrari buruz

Iranek eta munduko sei potentziek 100 orrialdeko dokumentua adostu dute. Herrialde arabiarrak ezingo du bonba atomikoa garatu, eta trukean, isunak kenduko dizkiote.

Akordioa lortu osteko argazkia. EFE
Akordioa lortu osteko argazkia. EFE
Akordio nuklear historikoa Iranen eta munduko sei potentzien artean

1:34

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Diplomaziak aurreratutakoa ofizial egin dute: akordioa dago Irango programa nuklearraren inguruan. Egunak daramatzate Iranek eta munduko sei potentziek (AEB, Errusia, Alemania, Frantzia, Erresuma Batua eta Txina) negoziatzen, eta azkenean heldu da albistea.

Akordioa ixteko zazpi herrialdeetako Atzerri ministroek eta Energia Atomikoaren nazioarteko erakundeko arduradunek egin beharreko bileraren aurretik prentsaurreko laburra eskaini dute Federica Mogherini Europar Batasuneko Atzerri Politika goi arduradunak eta Mohamad Javad Zarif Irango Atzerri ministroak. Bien hitzetan, historikoa da akordioa eta aro berri bat zabalduko du.

Zarifek ere "historikotzat" jo du ituna eta "denok garaile" direla azpimarratu du. "Akordioa ez da perfektua baina lortu genezakeena da, eta da garrantzitsuena", erantsi du. Irango Atzerri ministroaren ustez, "itxaropenaren atal berria" abiatu dute gaur.

"Nazioarteko harremanen historian atal berria suposa dezake akordioak eta mundu osoarentzat itxaropen keinua da", adierazi du Mogherinik. Agintari europarraren esanetan, agerian geratu da "diplomaziak hamarkadetako liskar eta tentsioak gainditzeko balio" duela. Twitteren ere bota du lerroburua Mogherinik:

Bonba atomikorik ez; trukean, isunak bertan behera

Helburua Iranek bonba atomikoa ez egitea da, eta, trukean, herrialde arabiarrari isunak kentzea.

Hala, 100 bat orrialde dituen behin betiko dokumentuak Irani nazioarteak ezarritako isun guztiak kentzea ekarriko du. Arabiako herrialdea Nazio Batuen Erakundeak zigortutako herrialdeen zerrendatik atera ere egingo dute.

Agiria Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak onartu beharko du datozen asteetan, baita AEBko Kongresuak eta Irango Parlamentuak ere.

Adostutako akordioaren arabera, hiru fasetan hartu beharko ditu Iranek neurriak: atarikoan, operatiboan eta exekutiboan.

Nazio Batuen Erakundeak Vienan duen egoitzan egin dute negoziazioen azken saioa, baina egunak daramatzate akordioa lortu nahian. Negoziazioak gogorrak izan omen dira.

Iran programa nuclear Irán Almadineyad. EFE

Mahmud Ahmadineyad Irango presidentea Natanzeko zentral nuklearra ikuskatzen. Artxiboko irudia: EFE

Hasan Rohani Irango presidenteak nabarmendu duenez, akordioa "diplomaziaren garaipena" eta nazioarteko harreman berri batzuen "hasiera ona" izango da.

Twitterren kaleratutako mezu batean, herrialdeen arteko "bazterkeria eta herstura" garaiari amaiera emango dio lortutako akordioak:

 

Netanyahu: “Mundua toki askoz arriskutsuagoa da orain”

Iran “nazioarteko terrorismoaren babesle nagusia” dela salatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Akordioaren ondoren “mundua toki askoz arriskutsuagoa” dela erantsi du Netanyahuk.

Akordioaren berri izan bezain laster zeharo errefusatu du Israelek. “Hanka-sartze handia eta historikoa” dela gaineratu du.

Obama: “Norabide berri batean aurrera egitea ahalbidetzen du akordioak”

Barack Obama AEBetako presidenteak, ostera, akordioak “Iranekin norabide berri batean aurrerapausoak ematea” ahalbidetzen duela uste du. Hamarkadetako etsaitasunaren ondoren, Iranek “tolerantziaren bidea” hartu eta “ideologia zurrunak” alde batera utzi behar ditu, erantsi duenez.

“Interes komun eta errespetuarekin harremanak izateko beti prest gaudela argi utzi diot Irango herriari. Desadostasunak benetakoak dira eta bi herrialdeen arteko historia zaila kontuan ez hartzea ezinezkoa da. Baina aldatzea posible da”, adierazi du Obamak agerraldi batean, Etxe Zurian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko azken orduko berriak Ameriketako Estatu Batuak Txina argazkiak Errusia albisteak Erresuma Batua bideoak Alemania Frantzia argazkiak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken orduko albistea Iran albisteak Ekialde Hurbila gaur Benjamin Netanyahu