Mundua -

Ukrainan eroritako hegazkina

MH17 hegazkina misil errusiar batek eraitsi zuela baieztatu dute

Hala iragarri dute gertaeraren nondik norakoak aztertu dituzten Herbehereetako ikertzaileek. 2014ko uztailean Malaysia Airlinesen Boeing 777 hegazkin bat eraitsi zuten Ukrainan eta 298 lagun hil ziren

2014ko uztailean Ukraina ekialdean eraitsi zuten hegazkina. Artxiboko irudia: EiTB
2014ko uztailean Ukraina ekialdean eraitsi zuten hegazkina. Artxiboko irudia: EiTB
Errusian sortutako misil batek suntsitu zuen Malaysiako hegazkina

1:28

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Herbehereetako ikertzaileek baieztatu dute misil errusiar batek eraitsi zuela 2014ko uztailean Ukraina ekialdean erori zen Malaysia Airlines konpainiaren MH17 hegazkina. Hala iragarri du gertaeraren nondik norakoak aztertu dituen Herbehereetako Segurtasun Batzordeak. Antza denez, Errusian egindako Buk izeneko misil batek eraitsi zuen hegazkina, baina ikerketa batzordeak ez du argitu misila nork bota zuen; antza, horretarako gaitasunik ez zuelako.

Malaysia Airlines konpainiaren MH17 hegazkina Amsterdam eta Kuala Lumpur arteko bidea egitekoa zen 2014ko uztailaren 17an, alabaina, Ukrainako aire esparruan zegoela eraitsi egin zuten, Errusiako mugatik gertu. Guztira, 298 lagun hil ziren, tartean, 80 haur.

"Buk izeneko misil sistema erabilita jaurtitako 9N314M motako lehergai batek eragin zuen eztanda", berretsi du Herbehereetako ikerketa batzordeak. Halaber, zehaztu du Ukraina ekialdeko 320 kilometro koadroko eremu batetik jaurti zela.

"Talkaren eta ondorengo leherketaren eraginez, kabinako hiru kideak hil egin ziren eta hegazkina zatitu egin zen", gaineratu dute ikertzaileek.

Bestalde, ikertzaileek argi eta garbi utzi dute beste aukera posibleak ikertu dituztela, baina guztiak ere baztertu egin dituztela. "Buk misila ez den beste ezerk ezin du gertaeren konbinazio hori azaldu", gaineratu dute.

Ukrainak Errusiari egotzi dio hegazkinaren eraisketa

Arseni Yatseniuk Ukrainakom lehen ministroak Errusiako zerbitzu sekretuei egotzi die Malaysia Airlineseko hegazkinaren eraisketa prestatzea. "Erasoa errusiazaleek kontrolatutako eremuan gertatu zen eta ez dago zalantzarik separatista mozkorrek ez dakitela Buk sistemak maneiatzen. Horrek esan nahi du Errusiako militarrek kontrolatu zituztela sistema horiek", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ukraina Errusia Herbehereak Hegazkin istripuak albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Errusia-Ukraina gerra