Mundua -

Atentatuak Parisen

Hollandek hiru hilabetez luzatu du larrialdi egoera Frantzian

Frantziako presidenteak iragarri du Konstituzioa erreformatuko dutela, Sirian bonbardaketak areagotuko dituztela eta polizia kopurua handituko dutela. “Frantzia gerran dago”, nabarmendu du.

François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
François Hollande Frantziako presidentea. Argazkia: EFE
Hollande: 'Frantzia gerran dago'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

François Hollande iragarri du Frantziako Konstituzioa erreformatuko dutela, “gerra terroristari aurre egiteko” eta, aldi berean, Sirian Estatu Islamikoaren kontrako bonbardaketak areagotuko dituztela.

Hollandek agerraldia egin du Frantziako Kongresuan eta Senatuan. Minutu bateko isilunea egin ostean, diskurtsoa azken egunotako mezuarekin hasi du: “Frantzia gerran dago”.

Frantziako presidentearen iritzian, ez da ohiko gatazka bat, “gerra terrorismoa da eta honek marko legal eta jarduteko modu berriak eskatzen ditu; mehatxua errotik kendu behar dugu, baloreak eta zuzenbide estatua bistatik galdu gabe”.

Horrez gain, ostiralean ezarritako larrialdi egoera beste hiru hilabetez luzatzea agindu du eta Konstituzioa erreformatuko dutela iragarri du, lege berriak gehitzeko. “Konstituzioa herritar guztiona da eta, ondorioz, Frantziari eraso egiten diotenei erantzuteko balio behar du”.

“Gerran gaude, baina hau beste mota bateko gerra bat da, etsai berria duena, eta erregimen konstituzionala egoera horretara egokitu egin behar da”, erantsi du.

Hollandek behin baino gehiagotan errepikatu du “batasun nazionalaren” beharra, eta orain egonkortasun finantzarioa lortzeko ituna albo batean uzteko eskatu du, “segurtasunerako itunak daukalako lehentasun osoa”. Eta, ildo horretan, bitarteko gehiago eskatu ditu: “Gerran gauden heinean, ezin dugu duela urte batzuetako bitartekoekin jarraitu”.

Polizia eta militar gehiago

Gauzak horrela, Frantziako presidenteak iragarri du 10.000 lanpostu berri sortuko dituztela Polizian eta Armadan, eta arlo militarrean ez dutela inolako murrizketarik egingo 2019a arte, gutxienez.

Era berean, espetxeetako administrazioetan eta justizia zerbitzuan 2.500 lanpostu sortuko dituzte, eta beste 1.000 aduanetarako, “mugetako kontrola bermatzeko”.

Bestalde, “terrorismo jarduerekin lotutako pertsonei” naziotasun agiria kentzea edo Frantzian sartzea debekatu ahal izatea proposatu du. Alabaina, ezinbestekotzat jo du horrelako neurriak Europan koordinatzea, adibidez, “mugetako kontrola eraginkorra izateko”.

Aliatuei laguntza eskatzeko asmoa ere iragarri du Hollandek, “Estatu bati eraso egiten diotenean, herrialde guztiei kontra ari direlako”. Horrenbestez, Jean-Yves Le Drian Frantziako Defentsa ministroak Europako gainerako herrialdeetako Defentsa ministroekin bilera deituko duela jakinarazi du.

Bonbardaketa gehiago Sirian

“Terrorismoak ez du Errepublika suntsituko; Errepublikak terrorismoa suntsituko du”, azpimarratu du Hollandek.

Frantziako presidentearen arabera, “Pariseko gerra ekintzak Sirian erabaki eta planifikatu ziren; Belgikan antolatu zituzten; eta gure lurraldean gauzatu zituzten, frantziarren laguntzarekin”.

“Terroristek beldurra zabaldu nahi izan dute, hemen gure zatiketa eragiteko eta han, Ekialde Hurbilean, terrorismoaren aurkako borrokan jarrai ez dezagun”, esan du.

Ildo horretan, Hollandek iragarri du Sirian bonbardaketak areagotzeko agindua eman dutela. “Helburua ez da Estatu Islamikoa geldiaraztea; helburua Estatu Islamikoa suntsitzea da”, erantsi du.

Neurri militarrez gain, Frantziako presidenteak adierazi du herrialdeen arteko koordinazioa hobetu egin behar dela, “nazioartea zatituta dagoelako”.

Hortaz, “koalizio handia eta bakarra” sortzea ezinbestekotzat jo du eta, bide horretan, Barack Obama AEBtako presidentearekin eta Vladimir Putin Errusiako presidentearekin datozen egunetan bilerak egingo dituela jakinarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gerra Siria Paris azken albisteak Frantzia argazkiak Atentatuak François Hollande Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Zer ari da gertatzen Sirian?