Mundua -

Bidaia

Trump: 'Mexikok ordainduko du harresia, oraindik jakitun ez bada ere'

Peña Nietok Trumpekin bildu ostean esan duenez, estatubatuarrek "egindako adierazpenetako batzuk mehatxu izan litezke Mexikoren etorkizunerako".

Peña Nieto eta Trump, elkarrekin egindako agerraldian. Irudia: EFE
Peña Nieto eta Trump, elkarrekin egindako agerraldian. Irudia: EFE
Trumpek harresiaren ideia babestu du Mexikon

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko Alderdi Errepublikanoaren presidentegaiak Enrique Peña Nietorekin bildu eta ordu batzuetara esan duenez, "Mexikok ordainduko du" bi herrialdeen arteko mugan Trumpek egin nahi duen harresia, presidentea baldin bada.

"Mexikok ordainduko du harresia, ehuneko ehunean. Oraindik ez dakite, baina ordaindu egingo dute", esan du Trumpek, immigrazioari buruz Phoenixen (Arizona) egindako hitzaldi batean, Mexikon bisita egin eta gero AEBra itzuli denean.

Enpresari estatubatuarrak "bidaia ona" izan duela eta "lidergo zoragarri eta kalitate handiko jendearekin" bildu dela idatzi du Twitterren ordu batzuk lehenago, eta herrialdera sartzen den jendea kontrolatzeko baliabide gehiago jartzeko konpromisoa hartu du.

Enrique Peña Nietoren hitzetan, harresia ez du Mexikok ordainduko, eta bileran hala adierazi duela esan du, baina, Trumpen arabera, ez dute gaia aztertu.

Bi politikariek elkarrekin egindako prentsaurreko batean, topaketa "bikaina" izan dela esan du Trumpek, eta harresiaren inguruan hitz egin dutela, baina finantzaketaren nondik norakoak "aurrerago" zehaztuko dituztela azaldu du.

Peña Nietok, bere aldetik, irmo adierazi du. "Errepublikako presidentea naizen heinean, erantzukizun bakarra daukat: mexikarrak eta Mexiko zaintzea".

"Gaur, Estatu Batuetako hauteskunde-prozesuetako historian lehen aldiz, Mexiko eztabaidaren parte da, eta adierazpenetako batzuk mehatxu eta arrisku izan litezke Mexikorentzat", erantsi du.

Trump herrialdearentzat mehatxu ote den galdetuta, Mexikoko presidenteak erantzun duenez, "egindako adierazpenetako batzuk badira arrisku Mexikoren etorkizunarentzat".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB 2024 Mexiko albisteak Gaurko azken ordukoa Donald Trump