Mundua -

Siria

Errusiak eta AEBk su-etena adostu dute Sirian

Damaskoko gobernuak hitzartutakoa onartu du, eta irailaren 12an ipiniko dute abian. Guztiz etengo dituzte erasoak.

John Kerry, AEBetako estatu idazkaria, eta Errusiako atzerri ministroa, Serguei Lavrov. Argazkia EFE
John Kerry, AEBetako estatu idazkaria, eta Errusiako atzerri ministroa, Serguei Lavrov. Argazkia EFE
Bigarren aldiz, Errusiak eta AEBk su-etena aldarrikatu dute Sirian

1:35

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

AEBk eta Errusiak su-eten akordioa sinatu dute Siriako gerran. Irailaren 12an ipiniko dute abian, eta erabat etengo dituzte eraso guztiak, baita aire-bonbardaketak ere. Damaskoko gobernuak ados dagoela jakinarazi du.

Jonh Kerry Estatu Batuetako estatu-idazkariak prentsaurrean iragarri duenez, bi herrialdeek eraso egingo diete Al Nusra eta Estatu islamikoa talde terroristei, astebetez su-etena errespetatu ostean.

Horrez gain, Sirian setiatuta dauden herrietan laguntza humanitarioa erregulartasunez berrabiaraziko dutela ere erabaki dute. Baldintza hori onartu izanak erraztu du, indarkeriaren murrizketarekin batera, Siriako oposizioak ostera ere Nazio Batuen Erakundeak (NBE) bultzatutako bake-negoziazioetan parte-hartzea.

Aleporen kasua aipatu dute bereziki, eta "gerran parte hartzen ari diren alde guztiek" Castelloko bidetik erretiratuko direla azpimarratu dute. Hala, laguntza humanitarioa eta pertsonen joan-etorria martxan jarri ahal izango da normaltasunez.

Itunaren arabera, halaber, gobernuek ezingo dute oposizioko taldeak dauden tokietan borroka-misiorik egin.

Kerryren agerraldi berean, Serguei Lavrov Errusiako atzerri-ministroak esan du ikuskapen-zentro berria irekiko dutela Estatu Batuekin elkarlanean, su-etena indarrean jarri eta astebetera. Inteligentzia-informazioa partekatuko dutela aurreratu du.

Inoiz lortutako akordiorik handiena

Kerryk azaldu duenez, AEBko eta Errusiako talde militarren eta diplomatikoen arteko hilabeteko negoziazioak izan dira. Lortutako akordioa 'inflexio-puntua' bihur daiteke Siriarentzat, azken bost urteetako gerra zibilean 400.000 hildako izan ostean.

Orain arte hitzartutako akordiorik garrantzitsuena da, Kerryren esanetan, eta Washingtonek uste du Bachar al Asaden erregimenari presioa egiteko gai dela Errusia, gatazka gelditu eta irtenbide politikoa negoziatu ditzaten.

"Luzerako izan daitekeen akordioa iragartzen ari gara, baina azkenean Siriako Gobernuaren eta oposizioaren esku egongo da", esan du Kerryk komunikabideen aurrean egindako agerraldi batean.

Akordioak jasotako baldintza baten arabera, Al Nusra taldea eta matxino siriar moderatuak banatzea dute helburu, sarritan ezin izan baitute horiek desberdindu. Gauzak horrela, Al Nusra taldeari eraso egiteko erabakia "ez dugu hartu inoren onerako, Al Kaidarekin lotura duten talde siriarrekin amaitzeko asmoa baitugu", baina hori ezin da bereizi gabe egin, "modu inteligentean eta zehatzean baizik".

Siriako Armada Askeak aukera gutxi ikusten du akordioak aurre egiteko

Talde errebelde siriarrak biltzen dituen Siriako Armada Askeak aukera gutxi ikusten du gaur, larunbata, Errusiak eta AEBk Sirian su-etena ezartzeko Genevan hitzartutako itunak aurrera egiteko. Izan ere, ez du uste Moskuko eta Damaskoko gobernuek estatubatuarrekin adostutakoa beteko dutenik.

Alde batetik, Fares al-Bayoush Ipar Dibisioko nagusiaren esanetan, Bashar al Assadek gidatzen duen erregimenak ez zuen bete aurreko su-eten akordioa. Beste alde batetik, Abdul Salam Abdul Razak Al Din al Zinki talde errebeldearen bozeramaile militarraren ustez, itunak aukera emango dio Siriako gudarosteari indarrak bidlu eta, ondoren, Iranek babestutako milizia gehiago zabaldu ahal izateko Alepoko bataila-eremu nagusietan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albisteak Gerra Siria Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Errusia argazkiak Eguneko albisteak Zer ari da gertatzen Sirian?