Mundua -

Polemika

Musulmanen kontrako bideoak zabaldu ditu Trumpek Twitter bidez

Erresuma Batuko buruzagi ultraeskuindar batek musulmanen aurka argitaratutako bideoak partekatu ditu Twitter sare sozialean.

Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trumpek musulmanen kontrako bideoak zabaldu ditu gaur Twitter bidez eta horrek hautsak harrotu ditu Erresuma Batuko Gobernuan eta Ameriketako Estatu Batuetako hainbat sektoretan.

Bideoak Erresuma Batuko Britain First alderdi ultraeskuindarreko buruzagiak, Jayda Fransenek, argitaratu ditu Twitterren, eta Trumpek partekatu egin ditu, inolako aipamenik egin gabe.

Guztira hiru bideo dira eta irudietan ustezko musulmanak eraso ezberdinetan parte hartzen ageri dira. Oraingoz ez dute egiaztatuta egiazkoak diren ala ez.

Nolanahi ere, eta Trumpek Twitterren 44 milioi jarraitzaile dituela kontuan hartuta, bideoak berehala zabaldu dira eta laster piztu da polemika.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren oharra argitaratu du eskuin muturraren aurreiritziak onartzen ez dituztela eta Trumpek gaizki jokatu duela esanez.

Gertakari honek Trumpen irudi xenofoboa indartu egin du; izan ere, buruzagi estatubatuarrak herrialde musulmanetako herritarrak Estatu Batuetatik kanporatzea defendatzen du.

Estatu Batuetako Islamiar Harremanetarako Kontseiluak ere gogor gaitzetsi du Trumpen jarrera.

"Arduragabekeriaz jokatzen ari da eta bere boto-emaileei Islama eta musulmanak gorroto behar dituztela esaten ari zaie", salatu du musulmanen eskubideak defendatzen dituen AEBko elkarterik handienak.

"Horrelako mezuak igorrita Estatu Batuetako musulmanen kontrako indarkeria bultzatzen ari da Trump", ohartarazi du.

Aurten, AEBn, musulmanen kontrako 3.296 eraso izan direla gogoratu du elkarteak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Twitterreko azken albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Erresuma Batua Arrazismoa bideoak Gaurko azken ordukoa Donald Trump Erlijioa