Mundua -

URREZKO GLOBOAK

Oprah Winfreyk 'gizon boteretsu eta basatien' aurka egin du: 'Ordua iritsi da'

Alfonbra gorrian kolore beltza izan da nagusi, azkenaldian Hollywooden agerian gelditu den emakumeen aurkako sexu-jazarpena salatzeko. Galan zehar matxismoaren kontrako hitzaldiak nagusitu dira.

Oprah Winfrey AEBko telebistako izarra, Urrezko Globoak banatzeko ekitaldian. Argazkia: EFE
Oprah Winfrey AEBko telebistako izarra, Urrezko Globoak banatzeko ekitaldian. Argazkia: EFE
Oprah Winfrey AEBko telebistako izarra, Urrezko Globoak banatzeko ekitaldian. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urrezko Globoen 75. ekitaldiko galan, emakumeenganako sexu-erasoen kontrako aldarri ozena entzun da. Hitzaldi nabarmenetako bat Oprah Winfrey AEBko telebistako izarrarena izan da, eta munduan nagusi izan diren "gizon boteretsu eta basatien" kontra egin du.

Gala hasi aurretik, aktore asko eta asko beltzez jantzita izan dira alfonbra gorrian, Hollywooden azken hilabeteotan agerian geratu den emakumeen aurkako sexu-jazarpena salatzeko. Sariak banatzeko ekitaldia hasi ondoren ere, matxismoaren kontrako kritikak entzun dira "Me Too" eta "Time's Up" mugimenduen harira.

Oprah Winfrey telebistako aurkezleak Cecil B. DeMille ohorezko saria irabazi du, eta bere hitzaldian urte luzez mundua mendean izan duten "gizon boteretsu eta basatiak" kritikatu ditu. "Bada garaia. Ordua iritsi da", esan du.

"Egun berri bat dugu aurretik, eta emakume askori eta apartak diren gizon askori esker argituko du egunak. Emakumeak —horietako asko areto honetan daude gaur— eta gizonak elkarlanean arituko dira inork sekula ere 'ni ere bai' (me too) esan ez dezan", adierazi du, eta antzokian bildutakoak zutik jarri dira orduan.

Bestalde, "Big Little Lies" telebista saioarekin garaile izan den Nicole Kidman aktoreak ere sexu-abusuak izan ditu hizpide, miniserie alorreko emakumezko aktore onenaren saria jasotakoan. "Kontatzen ditugun istorioen bitartez aldaketak eragitea espero dut. Manten dezagun eztabaida bizirik", aldarrikatu du.

Seth Meyers ekitaldiko aurkezleak umorea baliatu du Hollywoodeko sexu-abusuen gaia jorratzeko, eta Harvey Weinstein eta Kevin Spacey akusatuen izenak aipatu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Tratu txarrak Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Zinema estrenaldiak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea