Mundua -

'Skripal auzia'

Hogei bat herrialdek errusiar diplomatikoak kanporatzea erabaki dute

Herrialde horien artean Alemania, Frantzia eta Estatu Batuak daude. Errusiak erasotzat hartu du neurria eta egoerak eskatzen duen erantzuna emango duela ohartarazi du.

Errusiar enbaxada Berlinen. Artxiboko argazkia: EFE
Errusiar enbaxada Berlinen. Artxiboko argazkia: EFE
Errusiar enbaxada Berlinen. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko 18 herrialdek, tartean Alemaniak, Frantziak eta Ameriketako Estatu Batuek, diplomatiko errusiarrak kanporatzea erabaki dute, Sergei Skripal Errusiako espioi izandakoaren eta haren alabaren kontra duela aste batzuk Erresuma Batuan egindako erasoaren harira.

Europar Batasuneko estatu eta gobernuburuek joan den ostiralean erabaki zuten EBk Errusian duen enbaxadorea handik erretiratzeko eta berehala zenbait herrialdek beren enbaxadoreekin gauza bera egiteko edota diplomatiko errusiarrak beren herrialdetik kanporatzeko asmoa iragarri zuten.

Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak gaur zehaztu duenez, Europar Batasuneko 14 herrialdek ebatzi dute Errusiaren kontrako neurriekin bat egitea datozen egun eta asteetan.

Horrela bada, hasierako datuen arabera, gutxienez 30 diplomatiko errusiar kanporatuko dituzte EBtik.

Hauek dira herrialde horiek: Alemania, Frantzia, Polonia, Italia, Espainia, Herbehereak, Lituania, Letonia, Estonia, Finlandia, Errumania, Kroazia, Suedia, Txekiar Errepublika eta Danimarka.

Europar Batasuneko herrialdeez gain, Estatu Batuek, Kanadak eta Ukrainak ere egingo dute Errusiaren kontra. Hala, Donald Trumpek iragarri du 60 funtzionario errusiar kanporatuko dituztela eta Errusiak Seattlen duen kontsulatua itxi egingo dutela.

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak herrialde horien guztien "ahalegina" eskertu du, "nazioarteko zuzenbidea urratzeko Errusiak egindako saiakeren aurrean".

Errusiak erantzun egingo duela ohartarazi du

Bestalde, Errusiak erasotzat hartu du neurria eta egoerak eskatzen duen erantzuna emango duela ohartarazi du.

"Erantzun simetrikoa emango dugu. Herrialde bakoitzari dagokion erantzuna emateko lanean ari gara", jakinarazi du Errusiako Atzerri Ministerioak.

Vladimir Putinen esanetan, berriz, ez du inolako zentzurik Sergei Skripal eta haren alabari Erresuma Batuan egindako erasoa Errusiari leporatzea.

"Edonork ulertzen du hori esatea ez dela zentzuzkoa. Pentsaezina da guk horrelako zerbait egin izana", adierazi du agerraldi batean.

Gertakariak joan den martxoan 4an jazo ziren Erresuma Batuko Salisbury herrian. Errusiako espioi izandakoa eta haren alaba kalean, banku baten gainean, konortea galduta topatu zituzten. Produktu kimiko bat erabilita pozoitu egin zituzten, hiltzeko asmoz. Orduz geroztik biak ospitalean daude, egoera larrian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Batasun europarra Ameriketako Estatu Batuak albisteak Errusia bideoak Erresuma Batua Alemania albisteak Eguneko albisteak