Mundua -

AEB

Trump da faborito New Hampshireko barne hauteskundeetan, Haley ezustea emango duelakoan dagoen arren

AEBko presidente ohia harrokeriaz mintzatu da, eta egintzat jo du garaipena. Hala, azaroko bozetan jarri du arreta. Nikki Haley NBEren enbaxadore izandakoak aldeko boto-emaile asko omen ditu ipar-ekialdeko estatuan, eta inkestek aurreikusten dioten % 40a gainditzea espero du.

Donald Trump, New Hampshiren egindako agerraldi batean.
Donald Trump.
Donald Trump, New Hampshiren egindako agerraldi batean.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump AEBko presidente ohia da faborito nagusi gaur New Hampshiren (AEBko ipar-ekialdea) errepublikanoek egingo dituzte barne hauteskundeetan. Primarioak AEBko hauteskunde prozesuan lehen hitzordu ofiziala dira, Iowan duela astebete egindako caucus-en ostean (Estatuek eurek antolatutako hauteskundeak, asanbladatan oinarrituak). Trumpek garaipen argia lortu zuen Iowan; emaitzaren ostean, Ron DeSantisek, bigarren postuan geratutako hautagaiak, lehia utzi zuen.

Dena dela, Nikki Haley NBEren enbaxadore estatubatuarra izandako eta gaur gaurkoz Trumpen aurkari bakarra denak ez du amore emateko asmorik. Ezustea eman eta lasterketan jarraitzeko babes nahikoa eskuratuko duelakoan dago. 

Inkestak, baina, ez ditu guztiz alde. Horien arabera, presidente izandakoak botoen % 60 eskuratuko lituzke; Haleyk, % 40ko portzentajea lortuko luke. Dena dela, estatu horretan boto-emaile "independente" asko daude. Ezaugarri horrek Haleyren aldeko egiten du New Hampshire estatua. 

Hori gorabehera, hitzaldi triunfalista egin du Donald Trumpek, eta azaroko presidentetza hauteskundeak izan ditu hizpide: "New Hampshiren irabazi egingo dugu, eta gero Joe Biden ustela suntsituko dugu. Amerikako Estatu Batuak handi egingo ditugu berriro".  

Haley ere jomugan izan du presidente ohiak. Horren ustez, "elite politikoaren interesen" mesedetan ari da aurkaria. "Berak irabaziko balu AEB azken tokian geratuko litzateke", erantsi du. 

Bien bitartean, Trumpen alde egitearen arriskuez ohartarazi du Nikki Haleyk. "Gaur bozkatzen ez baduzue, ez kexatu gero! Azaroan 80 urteko bi hautagai izango ditugu lehian", nabarmendu du. 

Haley, estatuan egindako azken agerraldian. EFE

New Hampshiren ordezkari gutxi banatzen dira, guztira dauden 2.429etatik 11. 

Demokratek ez dituzte barne hauteskundeak egingo New Hampshiren

Errepublikanoen artean hitzordu garrantzitsua da gaurkoa; ez, ordea, demokratentzat. Izan ere, Joe Biden AEBko presidente eta hautagaia ez da oraingoan lehian egongo. Demokratek estatu honi garrantzia kendu nahi izan diote, Biden bosgarren postuan geratu baitzen duela lau urte.

Hala, estatuak barne hauteskundeak deitu baditu ere, alderdiak ez ditu emaitzak kontuan hartuko eta ez ditu ordezkariak banatuko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Joe Biden