Itxi

Juanjo Sanmiguel

Analisia

Armen Askatasuna

Juanjo San Miguel

Juanjo San Miguel

AEBren gizartearen sorburua eta sustraiak Europan daude, sarri Grezia eta Erromaren parean jarri ohi dituzte; historiak antolaketa erak eta lehentasun ezberdinak errotu ditu itsasoaren bi aldeetan.

Estatu Batuetan egunero 93 pertsona hil eta 230 zauritzen dituzte su-armen bidez. Horrek esan nahi du urtero 34.000 pertsona inguru hitzen dituztela edozein lekutan erosi daitezken armak erabilita, gerra egoeran diren lekutan baino jende gehiago. Baina egunero gertatzen den zerbaitek albiste izaera galtzen du, ondorioz sarraski beldurgarriak bakarrik iristen zaizkigu, eta bakoitzean galdera beretsuak egiten ditugu miresgarrienaren eta arbuiagarrienaren irudi eta eredu den herri handi honi buruz.

Estatu Batuetako gaur egungo gizartearen sorburua eta sustraiak Europan daude, sarri Grezia eta Erromaren parean jarri ohi dituzte, baina historiak antolaketa erak eta lehentasun ezberdinak errotu ditu itsasoaren bi aldeetan. Estatu Batuak esploratzaile eta aitzindarien herria da, ezer galtzeko ez zutenena. Lur berri haietan ez zegoen giza antolaketarik, ez zegoen talderik, ez zegoen aterperik. Bakoitzak bere burua babestu behar zuen eta horretarako arma ezinbestekoa zuten. Jatorri hartatik iritsi zaizkie egungo pentsaera eta legeak, estatubatuarren gehiengoak uste du eskubide osoa duela etxean suzko armak edukitzeko, arma horrek eta ez urruti dagoen estatuak babestuko duela arrisku guztietatik. Komunikabideak astintzen dituzten sarraskiak gertatzen direnean arma salmentak ugaritu egiten dira, jendeak uste baitu gero eta arma gehiago eta hobeagoak izan ezkero sendoagoa izango dela bere segurtasuna.

Estatu Batuak Bigarren Mundu gerra ondoren kultura, ohitura eta jokaera ereduen sortzaileak izan dira. Beraiek izan dituzte ikerlari, enpresari, idazle eta artista bikainenak. Etenik gabeko demokrazia izan da XVIII. mende amaieran herri gisa antolatu eta estatua sortzea erabaki zutenetik. Baina Estatu Batuetan bakoitzaren mugetan hasi eta amaitzen da mundua. Aurrera ateratzea lortzen ez duena, bere patuaren erruduntzat hartzen dute. Gizarteak ez dizu ezer eskaintzen musu-truk, guztiak du prezioa eta ordaina. Eta hor uler liteke 322 miloi biztanle dituen herrialde honetan 310 miloi su-arma izatea zibilen esku, eta oraindik estatu gehienetan heriotza zigorra ontzat ematea, estatuak eta gizarteak ez dutelako arduratu behar oinarrizko giza arauak urratu dituenaz.

Esan ohi da bi joera politiko nagusien arteko ezberdintasuna gizakiarekiko iritzian oinarrituta dagoela, Ezkerrak edo berritzaileek uste dute gizakia berez ona dela, dohainez hornituta dagoela eta taldeak, gizarteak berezko izaera hori garatu dezan bideak jarri behar dizkiola;eskuinak edo kontserbadoreek uste dute aldiz jatorrizko bekatua dakarrela, eta izaera hori zuzendu eta bideratu beharra dagoela, hautamen askatasuna bere borondatearen araberakoa balitz hondamendira zuzenduko litzatekeelako. Estatu Batuetan itxuraz ez zaie horrenbeste axola nondik datorren, norantz doan edo nolakoa den parekoa, bakarrik eskatzen diote bere eremuetan ez dadila sartu, ez dezala gizarteak sortu aurreko askatasun arauak hautsi.