Itxi

Juanjo Sanmiguel

ANALISIA

Terrorismoa

JUANJO SAN MIGUEL

JUANJO SAN MIGUEL

Terrorismo hitzaren erabilera asko zabaldu da azken urteetan, gertakizun bat definitzeko, edo etsaiaren edo arerioaren irudia zikintzeko. Baina nahasmena eta gezurra nagusi bilakatu diren momentu honetan, ezinezkoa bihurtu zaigu parean duguna finkatu eta mugatzea, benetan zer den zehaztea.

Moskun kazetari eta pentsalari baten aurka egindako atentatuak mota askotako iritziak eta erantzunak eragin ditu, baina gehienetan azpimarratzen dute gertatutakoa ekintza terrorista izan dela. Terrorismo hitzaren erabilera, faxismoarena edo demokraziarena bezala, asko zabaldu da azken urteetan, gertakizun bat eta kontrakoa definitzeko, etsaiaren edo arerioaren irudia zikintzeko, norberaren izena goraipatzeko, beste horiekin alderatuz.

Terrorismoa berez, indarkeria edo indarkeriaren mehatxu, beldurra edo segurtasun eza sortzeko erabiltzea izango litzateke. Baina sarri, eta egia gabeko garai hauetan are gehiago, terrorismoa nonahi entzun eta irakurri dezakegu. Terrorista deitu zaie apaizei eta bakezaleei; terroristatzat jo dituzte euren iritzia azaldu dituzten kazetariak eta idazleak; terrorea zabaltzea leporatu izan zaie ustez zuzenak ziren erabakiak hartu dituzten politikoei; eta noski, terroristak deitu diegu legearen aurka giza eskubideak urratuz eta nazioarteko arauak baztertuz errugabeak hil dituztenei, egitura demokratikoak indarrez apurtu nahi dituztenei, gehiengoaren aurka euren "egia" ezarri nahi dutenei…

Baina nahasmena eta gezurra nagusi bilakatu diren momentu honetan, ezinezkoa bihurtu zaigu parean duguna finkatu eta mugatzea, benetan zer den zehaztea. Errealitatea azaltzeko erabilitako hitzak edukia bezain garrantzitsuak dira, batez ere egoera gatazkatsuetan eta begien aurrean duguna onartzea ezinezkoa egiten zaigunean. Nola deitu beharko genioke otsailaren 24n Errusiak hartutako erabakiari? Mendebaldean inbasioa eta lege eta arauen aurkako erasoa deitzen diogunari, Errusian, berriz, operazio berezia deitzen diote. Zer egin zuten Ameriketako Estatu Batuek 2003n Irakera soldaduak bidali eta urteak iraun zuen gerra eragiterakoan? Bigarren Mundu Gerran partisanoek hirietan eta nazien bulegoetan leher eragindako bonbak ekintza terroristak al ziren? Urrutitik kontrolatu eta bideratutako misilen bidez etxeak eta ospitaleak bonbardatzea gerra operazioak al dira? Atxilotu ondoren etsaiak hiltzeari edo informazioa lortzeko zibilak torturatzeari nola deitu beharko genioke?

Gerrak, aldarrikatu gabea bada ere, gizakion ederrena eta zitalena azaleratzen ditu. Horrelakoetan edozer gauza zilegi bihurtzen dugu beharrezkoa edo ezinbestekoa omen delako. Gureek egin dutena beti zuzena da, eta alde guztietatik onartezina izan ezkero ezkutatu egingo dugu, arerioari argudioak edo arrazoiak ez emateko. Moskuko atentatuaren ondoren, komunikabide gehienek gaitzetsi egin dute eta zibilak hiltzea ez dela bidea azpimarratu dute. Nazio Batuen datuen arabera 6 mila zibil, tartean mila haur hil dituen kanpaina militarraren ondoren, badirudi edozein ekintzaren onargarritasuna, ze arma erabilita egindakoak zehaztuko eta finkatuko digula.