Politika -

Hauteskundeak UPN-n

Barcinak Presidenteordetza eskaini dio Catalani, aurkezten ez bada

Alberto Catalanek erabakitzen duenaren zain dago Nafarroako presidentea. Ez aurkeztea erabakitzen badu, bere eskariari eutsiko diola esan du Yolanda Barcinak.

Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea.
Yolanda Barcina Nafarroako presidentea. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Yolanda Barcina Nafarroako Foru Erkidegoko presidente eta UPN alderdiko buruak jakinarazi duenez, Alberto Catalan alderdikideari egindako proposamenari eusten dio oraindik, hots, UPNko presidente izateari uko egiten badio, alderdiko presidenteordetza eskainiko dio.

"Azkenean Alberto Catalanek UPNko presidente izateko hautagaitza ez aurkeztea erabakitzen badu, presidenteorde izatea eskainiko diot", adierazi du Yolanda Barcinak kazetarien aurrean. Proposamen hau ere egin dio: "alderdia suspertzeko konfiantzazko lan-talde bat osatu eta inposaketak albo batera utzita, ondoz ondo lan egitea", proposatu dio.

UPNk ostiralean izan zuen Kontseilu Politikoa ere izan du hizpide Yolanda Barcinak. "Oso bizia izan zen", eta "bakoitzak bere ideiak plazaratu zituen bertan, eta egun izan daitezkeen eztabaida politikoak piztu ziren", Barcinaren esanetan..

Kontseilu Politikoaz geroztik Alberto Catalanekin hitz egin duen galdetuta, gaur elkartuko direla adierazi du; izan ere, talde parlamentarioaren bilera dute gaur. "Ostiraletik ez dugu elkar ikusi", gaineratu du.

Nafarroako presidenteak esan duenez, Catalanek erabakitzen duenaren zain dago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea