Politika -

Polizia-operazioa

Goioagaren miaketa salatzeko neurri juridikoak aztertzen ari dira

Amaiurrek "ukazioaren politika" egitea eta euskal gizartearen gehiengoak aldarrikatzen duen bakeari jaramonik ez egitea leporatu dio Espainiako Gobernuari.

Xabier Mikel Errekondo Amaiurren diputatua. Argazkia: Efe
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren diputatua.
Xabier Mikel Errekondo Amaiurren diputatua. Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Amaiur aztertzen ari da zein neurri juridiko har dezakeen Iñaki Goioaga senatariaren bulegoan egindako miaketa salatzeko. Diputatuek salatu dutenez, Espainiako Gobernuak "ukazioaren politika" egiten du eta ez dio jaramonik egiten euskal gizarteak aldarrikatzen duenari, bakeari.

Horixe iragarri dute Jon Iñarritu, Xabier Mikel Errekondo eta Rafa Larreina Amaiurren diputatuek Kongresuan emandako prentsaurreko batean.

Diputatuek azpimarratu dute Bilboko manifestazioa "oso arrakastatsua" izan zela, eta mugarri izango dela, "pauso erraldoia", "pertsona guztien" giza eskubideak defendatzeko. "Euskal Herrian inoiz egin den mobilizazio handiena" izan dela azpimarratu ostean, Amaiurren diputatuek gogor kritikatu dute EPPKren bitartekarien kontrako polizia-operazioa. Izan ere, "kezkagarritzat eta zentzugabekeriatzat" jo dute "bakearen eta normalizazio prozesuaren alde lan egiten duten pertsonak atxilotzea".

Era berean, operazio horretan Iñaki Goioaga senatariaren bulegoa "irregularki" miatu zutela eta "delitu zantzuak" daudela salatu dute; horregatik, neurri juridikoak aztertzen ari omen dira.

Bestalde, Errekondok azpimarratu duenez, euskal gizarteak "gatazka konpontzeko" akordioak bilatzen dituen bitartean, Espainiako Estatuak eta Gobernuak "ukazioaren politika" egiten du erabakitzeko eskubidea edo bakea aldarrikatzen direnean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea