Politika -

Zentsura mozioa

Fernandez Diaz: 'Nafarroa estrategikoa da Espainiarentzat'

Barne ministroak ohartarazi du balizko zentsura mozio batek "ondorio politiko desatseginak" izan ditzakeela eta foru izaera kolokan jartzeko arriskua dagoela.

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Argazkia: EiTB
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa.
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ohartarazi du Nafarroan Bildurekin batera zentsura mozioa aurkezteak "ondorio politiko desatseginak" izan ditzakeela; izan ere, ministroaren esanetan, kolokan jarriko luke erkidegoaren foru izaera eta EAErekiko independentzia, eta hori "ETAk bilatzen zuen helburuari laguntzea" izango litzateke.

Fernandez Diazi Kongresuan galdetu diote PSNk UPNren Gobernuari eman dion ultimatumaren inguruan. Zentsura mozioa aurkeztuko zuela iragarri zuen PSNk, eta horretarako Bilduren babesa behar du.

Ministroak azaldu duenez, Nafarroa "estrategikoa da Espainiarentzat", ETAren helburuetako bat foru erkidegoak EAErekin bat egitea delako. "Beraz, Nafarroaren foru izaera berezia zalantzan edo arriskuan jartzeko edozein neurrik ETAren helburuak betetzen lagunduko luke, nolabait", gaineratu du.

Ministroak esan du hori ez dela PSOEren borondatea, "inola ere", baina argi azpimarratu nahi izan du "Bilduk babestutako zentsura mozioak ondorio politiko desatseginak" eragingo lituzkeela "baita PSOErentzat ere".

"Akats politiko handiena"

Bestalde, Alberto Ruiz Gallardon Justizia ministroak txalotu egin du PSOEren zuzendaritzak zentsura mozioa Bildurekin adosteko aukera baztertu izana, Alfredo Perez Rubalcaba buru duen alderdiak egingo lukeen "akats politiko handiena" izango zela iritzita.

Justizia ministroak goraipatu egin du "ituna egiteko aukera pentsatu ere ez izana".

'Rubalcabak Bildurekin itunik ez egiteko agindu behar dio PSNri'

Alfonso Alonso PPren Kongresuko bozeramaileak ez du Nafarroako Gobernuan ustez izan diren irregulartasunen inguruan adierazpenik egin nahi izan, eta "garrantzitsuena" PSOEk Yolanda Barcinaren Gobernuari "mehatxu" egiteko "aitzakia" bila ibiltzea dela esan du.

"Onartezina da PSOEren eta Bilduren arteko aliantza bat, eta Nafarroaz harago doan gaia dela uste dut. Horregatik, PSOEk ordena ezarri behar du Nafarroan. Rubalcabak argi eta garbi agindu beharra dauka duela bi egun arte ETArekin politikoki eskutik helduta zihoazekin eta erakundearen historia kriminala gaitzetsi gabe jarraitzen dutenekin ezin dela itunik egin", azpimarratu du.

PSNk Nafarroan egingo duenaren eta ustez izan diren irregulartasunen artean garrantzitsuena zer den galdetuta, Alonsok erantzun du irregulartasunena "Nafarroako politikari dagokion gaia" dela. Hori esanda, "garrantzitsuena" PSNk "Bildurekin aliantza egiteko pausoa ematea" dela azpimarratu du. "Nafarroaren etorkizunarentzat benetako mehatxua izango litzateke hori", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea