Politika -

Polemika

AVTk EH Bildu legez kanpo uztea eskatu du, Casanovaren iritsieragatik

Bestalde, EH Bilduk babesa erakutsi dio Iker Casanova legebiltzarkideari, hainbat sektoretatik haren aurka burutzen ari den “lintxamendu antidemokratikoa zeharo onartezina” delako.

Iker Casanova. Artxiboko irudia. EiTB
Iker Casanova
Iker Casanova. Artxiboko irudia. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (AVT) Gobernuari “behingoz” EH Bildu legez kanpo uztea eskatu dio, Iker Casanova Eusko Legebiltzarrean sartu ostean. Casanovari 2007an 11 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, ETAko kide izatea leporatuta.

Ohar batean, AVTk esan du Casanova Eusko Legebiltzarrean sartzeak “ez duela EH Bilduk ETArekin izandako lotura egiaztatu besterik egiten”.

“Nahigabetu egiten gaitu terroristak eta haien konplizeak instituzioetatik kanporatzeko horrenbeste urteko borrokaren ostean, ez direla legez kanpo uzten baizik este eserlekuetan jartzea uzten zaiela”, salatu du Angeles Pedraza buru duen elkarteak.

Casanovak asteartean hartu zuen Gasteizeko Ganberan Laura Mintegiren lekua EH Bilduko ordezkari moduan. Mintegik uztailaren amaieran iragarri zuen politika uzteko asmoa, unibertsitatera itzultzeko.

EH Bilduko legebiltzarkide berria Sortuko Batzorde Politikoaren kide da Bizkaian.

EH Bilduk Iker Casanova legebiltzarkidearen aurkako "lintxamendua" salatu

Bestalde, EH Bilduk babes osoa adierazi dio herenegun Gasteizen kargua hartu zuen Iker Casanova legebiltzarkideari, hainbat sektoretatik haren aurka burutzen ari den “lintxamendu antidemokratikoa” “zeharo onartezina” delako.

Consuelo Ordoñez EAEko Terrorismoaren Biktimen Kolektiboko presidenteak salatu du ETAren hilketak "meritu bihurtu direla Gasteizko Legebiltzarreko kide izendatu ahal izateko".

Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak izendapena kritikatu du, “Eusko Legebiltzarrentzako lotsa eta iraina” esan nahi duelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea