Politika -

Abortuaren Legea

Abortuaren legearen erreforma atzeratu egingo dela esan du Gallardonek

Ministroak esan duenez, beste lehentasun batzuk dituzte; Kataluniaren 'desafioari' aurre egitea, besteak beste.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroak esan duenez, abortuaren legea erreformatzeko proiektua "atzeratu" egingo dute, beste lehentasun batzuk dituztelako orain. Bere departamentuak ahalegin guztiak Kataluniaren "desafioari" aurre egitera bideratu behar dituela nabarmendu du. Auzitegi Konstituzionalean helegite bat edo gehiago jartzekotan direla iragarri du.

Europa Pressek antolatutako gosari informatibora sartu aurretik egin ditu adierazpenok Gallardorenek. Horren hitzetan, aste hau "erabakigarria" izango da, Artur Mas Kataluniako presidenteak galdeketa deituko duelako eta Espainiako Gobernuak erabakiak hartu beharko dituelako.

"Aurreikusita dugun bezala, helegite bat baino gehiago jarri beharko dugu Auzitegi Konstituzionalean. Horretan ari gara aste honetan. Seguruenera, hau datorren astean amaituko da eta orduan hitz egingo dut zuekin", adierazi du ministroak abortuaren legearen erreformari buruz galdetu diotenean. Gallardonek onartu du ezingo duela bete uda aurretik abortuaren legea erreformatzeko zuen asmoa.

Bestalde, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak Gallardoren hitzei buruz zehaztu du atzeratzeak ez duela "atzera botatzea" esan nahi.  Ministroak esandakoaren aurrean ez duela ezer esatekorik nabarmendu du. "Une honetan egokiena erreforma atzeratzea dela uste badu, hala izango da", gaineratu du.

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, Urquijok nabarmendu du Gobernuak beste zeregin garrantzitsuagoak dituela eta horretan ari dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea