Politika -

Terrorismoaren biktimak

Biktimen omenezko plakak jartzeko eskatu die Covitek 94 udali

Herri bakoitzean hildako biktimen omenezko plakak ipintzeko eskatu die, gutun bidez.

Covitek Bilbon egindako ekitaldiaren irudia. EFE
Coviteren ekitaldia
Covitek Bilbon egindako ekitaldiaren irudia. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covite Terrorismoaren Biktimen Euskadiko Taldeak gutuna igorri die 94 udali, herri bakoitzean dagoen biktima kopurua jakinarazi eta bide administratibotik haien omenezko plakak jartzea eskatzeko.

Taldeak ohar baten bidez jakinarazi duenez, biktimak oroitzeko kanpaina hau irailaren 21ean jarri zuten martxan, Bilbon, ETAk hildako Maria Luisa Sanchez Ortega garbitzailearen omenez plaka bat ipinita.

Covitek ekitaldi hartan agertu zuenez, "biktimek gogoratuak izateko duten eskubidearen aurrean erakundeak entzungor" egiten ari dira, eta, hala izanik, taldeak oroigarriak bere kontura jartzeko asmoa iragarri zuen. Dena dela, Coviteren ekitaldiaren ostean, hiriburuan hildako biktima guztien omenezko oroigarria ipintzea adostu zuen Bilboko Udalak.

Hori horrela, "orain terrorismoak bere marka utzi duen gainerako udalen txanda da, memoriarako eskubidea bermatu behar dute", nabarmendu du Covitek oharrean.

Gutunak bidaltzeaz gain, hainbat biktimaren irudiekin egindako bideoa eskegi du taldeak. Besteak beste, Jose Antonio Cardosa GALek hildako postaria eta ETAk hildako Jesus Ulayar, Gregorio Ordóñez, Miguel Angel Blanco, Fernando Buesa eta Eduardo Puelles ageri dira bertan.

Bideoan salatzen dutenez, erakundeen erruz, "biktimen oroipena lausotua dago", eta horiek gogoratzea "bermatzeko ezer egiten ez badute", Covitek berak egingo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea