Politika -

Kataluniako kontsulta

Masek uko egin dio kontsultari, eta A-9 alternatibo bat proposatu du

Generalitateko presidenteak astearte goizean zehaztuko du bere plana. ERCk aldebakarreko independentzia aldarrikatzea eskatu du.

Aurreko bilera baten artxiboko irudia. Argazkia: Efe
Aurreko bilera baten artxiboko irudia.
Katalunian ez da galdeketarik izango azaroaren 9an

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kontsulta deialdi dekretuaren arabera egiterik ez dagoela planteatu die gaur Kataluniako Gobernuak galdeketaren aldeko alderdiei (CiU, ERC, ICV-EUiA eta CUP); izan ere, Auzitegi Konstituzionalak baliogabe utzi zuen, negoziazioko iturriek EFEri jakitera eman diotenez.

Eragileek bilera eguerdian hasi dute, Pedralbeseko jauregian. Azaroaren 9an hautetsontziak izateko alternatibak aztertzen ari dira, baina dekretuak zehatz ezarritakoaren arabera kontsulta egiterik ez dagoela uste du Kataluniako Exekutiboak.

Hala ere, azaroaren 9an galdeketa egitea posible izateko proposamena mahai gainean jarri du Generalitateak. Kontsulten legeko "herritarren parte-hartzerako prozesuak" babes bezala hartzea proposatu du Exekutiboak, Espainiako Gobernuak helegitea aurkeztu ez ziolako.

Legea zein dekretua baliogabe utzi zituen Auzitegi Konstituzionalak, Espainiako Gobernuak eskatuta.

Epeak

Dekretuak ezarritako epe batzuk urratu ditu Generalitateak dagoeneko, hauteskunde-erroldaren argitalpena adibidez; izan ere, urriaren 10ean argitaratu behar zuten.

Hitzordu horretan Auzitegi Konstituzionalaren debekuari nola aurre egin aztertu dute. Izan ere, 26 egun bakarrik falta dira azaroaren 9rako, eta dagoeneko atzeratzen ari dira tramite batzuk, parte-hartzaileen erroldaren argitalpena eta botoa emateko egoitzen zerrenda, esaterako.

Hirugarrenez bildu dira, eta bigarren aldia da bilera hedabideei jakinarazi gabe egiten dutela.

Esan bezala, bilera eguerdian hasi da, eta Mas, Joana Ortega Generalitateko presidenteordea, Francesc Homs Kataluniako Gobernuaren bozeramailea, Oriol Junqueras ERCko buruzagia, Jordi Turull (CDC) CiUko bozeramailea, Ramon Espadaler Unioko idazkari nagusia, Joan Herrera ICV-EUiAko buruzagia, Joan Mena ekosozialisten bozeramailea eta Isabel Vallet eta David Fernandez CUPko diputatuak bildu dira bertan.

Bi orduko atsedenaldia egin dute parte-hartzaileek. Hala ere, Mas, Junqueras eta Turull Pedralbeseko jauregian geratu dira.

Jauregira itzuli direnean, "atzerapauso bakar bat ere ez", adierazi du David Fernandez CUPeko ordezkariak kazetarien aurrean. Guztira, bilerak zazpi ordu iraun du.

ERC, 'sutan'

Kataluniako Gobernua "atzera egiten" ari dela deitoratu du ERCk gauean. Generalitatearen jarrerak bide bakarra uzten duela esan dute abertzaleek: "Parlamentuak berehala independentzia adierazpen bat egitea eta prozesu konstituziogilea zabaltzea".

"Kontsulta blindatzeko ERC Gobernuan sartzea errefusatu du Masek behin eta berriro" eta orain "atzera egin du", salatu dute abertzaleek. Gainera, "adostu ez dugun agertoki bat inpostu nahi digu", erantsi du ERCk.

Artur Mas Kataluniako presidenteak agerraldia egingo du asteartean, 10:00etan, Generalitateko jauregian, Exekutiboak jakinarazi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma gaur