Politika -

Kataluniako prozesua

Masek hilaren 25ean zehaztuko du bere 'ibilbide orria'

Generalitateko presidenteak 2.000 pertsona bildu nahi dituen ekitaldi batean egingo du iragarpena.

Artur Mas. Argazkia: EFE
Artur Mas EFE
Masek hilabete batean erabakiko du hauteskundeak aurreratuko dituen

1:45

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Artur Mas Generalitateko presidenteak hilaren 25ean zehaztuko du bere ibilbide orria, “A9ren ostean, erabakitzeko unea, batzeko unea” izeneko ekitaldi batean, Bartzelonako Forum auditorioan.

Hasieran, iragarpena azaroaren 24an egitea aurreikusi zuten, baina azkenean hurrengo egunean egingo dute, 19:30ean.

Ekitaldiak ikusmin handia piztu du. Izan ere, ez dago argi Masek plebiszitu-hauteskundeak deituko dituen, edo legegintzaldia amaiera arte bukatu nahi duen.

Une honetan, ez du babesik hurrengo urteko Aurrekontuak onartzeko, eta ERCk independentziarako bidean epeak jartzea jarri du lehentasun, CiUrekin zerrenda bateratu bat adostea baino gehiago.

Orotara, hilaren 25eko ekitaldian 2.000 pertsona biltzea espero dute Generalitatetik.

Aste honetan, Artur Mas erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdiekin (CiU, ERC, PSC, ICV-EUiA eta CUP) bildu da.

"Presio politikoak"

Bestalde, Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak Rac1 irrati katean adierazi duenez, "benetan demokratikoa den herrialde batean erabateko gaitzespena sortuko luke, nire aburuz, Alderdi Popularra Fiskaltzari egiten ari zaion presio politikoa", eta hori guztia ikertu egin behar dela azpimarratu du.

Homsen esanetan, Generalitateak ez du gaia auzitegietara eramango, baina “norbaitek argia jarri beharko luke”, gaineratu du. “Fiskaltza eztabaida politiko batean sartu nahi izan da”, salatu du, eta gaia kudeatzeko moduak Alderdi Popularraren barruan ezinegona sortu duela adierazi du.

“Harritzekoa da desobedientzia egoztea. Auzitegi Konstituzionalak ez zigun azaroaren 9ari buruzko errekerimendurik egin. Helegitea bete ahal izateko autoaren argibideak eskatu zituen Kataluniako Gobernuak”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Kataluniako erreferenduma