Politika -

PP-PSOE ituna

Jihadismoaren aurkako itunaren gakoak

Akordioak biziarteko espetxe zigorra aurreikusten du, eta "terrorista bakartiak" aipatzen ditu, lehen aldiz.

Ustezko talde jihadista baten aurka Ceutan egindako polizia operazio bat. EFE
Ustezko talde jihadista baten aurka Ceutan egindako polizia operazio bat. EFE
Ustezko talde jihadista baten aurka Ceutan egindako polizia operazio bat. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jihadismoaren aurka PPk eta PSOEk sinatutako itunak espetxealdi iraunkorra ezartzen du hilketa terroristen kasuetan, baina, sozialistek eskatu bezala, zigor mota hori ez dute zehazki aipatu testuan.

Horren ildotik, hilketak "Zigor Kodean aurreikusitako espetxealdi luzeenekin" zigortu behar direla adostu dute Espainiako bi alderdi nagusiek. PPk sustatutako erreforman, "espetxealdi iraunkor berrikusgarria" da zigor gorena, baina baliteke etorkizunean beste Gobernu batek bertan behera uztea zigor mota hori.

PPk eta PSOEk jihadistak atzematen dituzten buruzagien aurka borroka egiteko deia egin dute, bereziki Interneten.

Testuak "terrorista bakartiak" ere aipatzen ditu, hau da, talde zehatz batekin loturarik ez duten eta atentatuak euren kabuz egiten dituzten pertsonak.

574. artikuluaren arabera, 20 urte arteko espetxe zigorra ezarriko diete arma nuklearrak, kimikoak edo biologikoak dituztenei, eta 575.ak bi eta bost urte arteko espetxealdia aurreikusten du webgune edota material jihadistak kontsultatzeagatik.

"Borrokalari terrorista atzerritarrak" ere zigortuko dituzte, hau da, beste herrialde batzuetara atentatuak egiteko joaten direnak, une honetan Sirian eta Iraken gertatzen ari den bezala.

576. artikuluak 5 eta 10 urte arteko zigorra ezartzen du terrorismoa finantzatzeagatik, eta 577.ak talde terroristekin kolaboratzeagatik.

Terrorismo ekintzak goratzea eta biktimak iraintzea 578. eta 579. artikuluen bidez zigortuko dituzte. Hain zuzen ere, bat eta hiru urte arteko espetxe zigorrak aurreikusi dituzte kasu horietan. Aipatu adierazpenak Internet edo hedabideen bidez egiten badira, erdira murriztuko dute kondena.

Gainera, epaileek adierazpen horiek dauden materialak (liburuak, artxiboak…) ezabatzea edo baliogabetzea agindu ahalko dute.

Bestalde, espetxetik ateratzean, terroristei irakasle izatea debekatzea eta 10 urte arteko "askatasun kontrolatua" ezartzea ere adostu dute PPk eta PSOEk.

Azkenik, 580. artikuluak aipatu zigor guztien ezarpen eremua zehazten du: espainiarrak diren edo Espainian dauden terroristak.

PPren eta PSOEren arteko itunak

PPk eta PSOEk Estatu itun ugari sinatu dituzte demokrazia berriz ezarri zenetik.

Lehen Estatu akordioak, Moncloako itunak izenekoak, UCDk, APk, PSOEk eta beste hainbat alderdik sinatu zituzten. Harrezkero, itun gehienak Estatuko bi alderdi nagusien artekoak izan dira, ETAren aurkako Ajuria Eneako Akordioa, kasu. Hamarkada bat izan zen indarrean.

1995ean, Toledoko Itunak sinatu zituzten, pentsioei eta erretiroari buruzkoak.

ETAren aurkako borrokan, "Askatasunen aldeko eta Terrorismoaren aurkako Ituna" hitzartu zuten 2000 urtean. Testu horretan, kritika gogorrak egin zizkieten euskal alderdi nazionalistei, eta, ondorioz, ezinezkoa egin zen horiek itunarekin bat egitea.

Azken legegintzaldian, Jose Luis Rodriguez Zapatero sozialista Espainiako Gobernuko presidente zela, PSOEk eta PPk Konstituzioaren 135. artikulua erreformatzea adostu zuten, defizit publikoa mugatzeko eta merkatuak, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra eta Europako Banku Zentrala (EBZ) lasaitzeko. 30 urtez, Espainiako bi alderdi nagusiak ez ziren ados jarri Konstituzioa erreformatzeko, baina, gai horretan, egun batetik bestera lortu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Albisteak Alderdi Sozialista Alderdi Popularra Rajoy Espainiako Gobernua albisteak Espainia albisteak Pedro Sánchez bideoak Jihadismoa