Politika -

Lehenengo bozketa

Andaluziako Parlamentuak ez dio babesik eman Susana Diazi

Andaluziako PSOEren hautagaia ez dute presidente hautatu, PSOEk (47 boto) babestu arren, PP, Podemos, Ciudadanos eta Izquierda Unida kontra (62 boto) agertu baitira.

Susana Diaz PSOEren presidentegaia, Parlamentuan. Argazkia: Efe
Susana Diaz PSOEren presidentegaia, Parlamentuan.
Inbestiduraren bozketan ezezkoa eman dio oposizio guztiak Susana Diazi

00:46

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andaluziako Parlamentuak ez du Susana Diaz Andaluziako PSOEren presidentea Andaluziako presidente izendatu, PSOEk (47 boto) babestu arren, PP, Podemos, Ciudadanos eta Izquierda Unida kontra (62 boto) agertu baitira.

PP (33 diputatu), Podemos (15), Ciudadanos (9) eta IU (5) kontra dituela, Susana Diazek ez du lehenengo itzulian presidente izateko beharrezkoa den gehiengo osoa eskuratu.

Bigarren bozketa ostiral goizean izango da, eta Diazek nahikoa izango du orduan gehiengo sinplea Andaluziako presidente bihurtzeko.

Botazioaren aurreko agerraldian, Diazek azpimarratu du inbestidurako eztabaida "argigarria" izan dela diputatuentzat eta andaluziarrentzat.

Andaluziako jarduneko presidenteak uste du agerian geratu dela proiektu "argia" duela eta "nahikoa" dela hori gainerako alderdiek agintzen "uzteko".

Eztabaidak iraun duen bi egunetan, hautagai sozialistak hauteskundeen emaitzei jaramon egiteko eskatu du, eta agintzen uztea eskatzeko arrazoiak eman ditu. Horren ustez, herritarrek ez lukete ulertuko "garai politiko berrian" Gobernuaren osaera "blokeatzea", eta herritarrek ezin dute "minutu bat bera ere galdu", esan du.

Gainerako alderdien buruzagiek Diazi egotzi diote ardura, bera izan zelako hauteskundeak aurreratzea erabaki zuena balizko ezegonkortasunari aurre egiteko. Era berean, hitzak barik "ekintzak" eskatu dizkiote, sozialisten sinesgarritasunik ezak sortzen duen deskonfiantzagatik.

Era berean, gobernu programan sartu dituen neurri asko kritikatu dituzte, aurreko agintaldietan hitzemandako legeak direlakoan.

Desadostasuna orokorra izan bada ere, PPk, Podemosek eta Ciudadanosek irekita utzi dute negoziatzeko aukera, hainbat eskaera betez gero.

Azken egunotan zirudienaren kontra, PSOEren eta Ciudadanosen artean gerturatzea egon da ustelkeriaren kontrako itunaren inguruan, Albert Rivera buru duen alderdiak eskakizunen maila igo arren abstentzioa emateko. "Ituna sinatzen dutenean, PSOEk hainbat erabaki hartu beharko ditu berehala; besteak beste, Chavesek diputatu akta entregatu beharko du", horren arabera. Neurri ekonomiko eta sozial sorta bat ere eskatu du Ciudadanosek.

Podemosek, berriz, eskertu egin ditu bere alderdiarekiko "keinuak", eta sozialisten proposamen batzuen "musika eta hitzak" gustuko badituzte ere, "ekintzak" eta konpromisoak betetzeko bermeak nahi dituztela azpimarratu du.

Jarduneko presidenteak eskua luzatuta izango duela hitzeman du, bigarren bozketari begira, eta "epe motzeko estrategiak eta taktikak" alde batera uzteko eskatu die alderdiei.

Juanma Moreno PPren buruak "itunak eta akordioak" egiteko prestutasuna agertu du, eta 146 neurriz osatutako programa bat eskaini dio, Diazen helburua popularrak "baztertzea" dela salatu arren.

IUri dagokionez, Antonio Maillo koordinatzaile nagusia izan da kontrako jarrera sendoena agertu duena, eta hauxe esan du: "Eros dezala ezagutzen ez duenak; guk ez dugu egingo".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Andaluzia Albisteak PSOE