Politika -

Presoak

Gaixo dauden presoak aske uztea eskatu du Sarek Gasteizen

Euskal presoen eskubideen aldeko herritarrek sareak giza katea egin du goizean Gasteizen eta arratsalderako dispertsioaren kontrako manifestazioa deitu du Gernikan.

Gaixo dauden euskal presoak askatzeko giza katea egin dute Gasteizen. Argazkia: EFE
Gaixo dauden euskal presoak askatzeko giza katea egin dute Gasteizen. Argazkia: EFE
Gaixo dauden euskal presoak etxeratzeko giza sarea Gasteizen

0:42

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sare presoen eskubideen aldeko herritarren plataformak giza katea egin du larunbat honetan Gasteizen, gaixo dauden presoen kaleratzea eskatzeko.

Sarek gaurko deitutako ekitaldia debekatzea eskatu zion Terrorismoaren Biktimak Babesteko Plataformak (APAVT) Auzitegi Nazionalari, haren ustez, gaurko kontzentrazioaren helburua ETAko kide edo kolaboratzaile izateagatik zigortuak izan direnak gorestea zela argudiatuta.

Giza katea abiatu aurretik kazetarien aurrean hitz egin du Amets Martinez Sareko bozeramaileak, eta azaldu du atzo jaso zutela Auzitegi Nazionaleko 3. zenbakiko epaitegiaren autoa esanez mobilizazioa egiteko baimena zutela. Martinezen hitzetan, plataformak bere ibilbide guztian "inoiz ez du gutxietsi, umiliatu eta terrorismoa goraipatu".

Martinezek azpimarratu du badela garaia erakunde horri giza eskubideen alde "bakean" lan egiten uzteko.

Halaber, adierazi du gaurko ekitaldiaren helburua gaixo dauden presoen egoera salatzea zela eta gaineratu du horien egoera "legearen kontrakoa" dela.

Giza katea 12:30ean abiatu da Gasteizko Santiago ospitaletik eta Justizia jauregiaren aurrean amaitu da. Mobilizazioan ehunka lagunek parte hartu dute, tartean, Belen Arrondo eta Estitxu Briñas EH Bilduko legebiltzarkideek edota Joseba Azkarraga Sareko kide eta Eusko Jaurlartziako Justizia sailburu ohiak.

Mobilizazioaren amaieran Haritz Larrañaga sarekideak hartu du hitza eta, besteak beste, honakoa esan du: "Paris eta Madrilgo gobernu zentralen krudelkeriaren aurrean, gu guztiok gizatasuna jarri dugu".

"Estatuek, Madrilgo eta Pariseko gobernuek modu sistematikoan urratzen dituzte euskal presoen eskubideak eta hori argi eta garbi esan beharra dago. Gaixo dagoen pertsona bat preso mantentzea, batetik, presoaren bizitzarekin modu krudel batean jolastea da eta, bestetik, legez kanpokoa", gaineratu du.

Halaber, giza eskubide guztien urraketekin amaitu beharra dagoela azpimarratu du: "Dispertsioarekin amaitu behar dugu, gaixotasun larriak dituztenak etxeratu behar ditugu. Herritarrok, indar guztiak jarri behar ditugu helburu hauek lortzeko".

Bestalde, 18:30etik aurrera dispertsioaren kontrako mobilizazioa egingo dute Gernikan, Merkurio plazatik abiatuta.

Ez dira bi horiek eguneko ekitaldi bakarrak izango, izan ere, ekitaldiak izango dira Abadiñon eta Errenterian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Presoak bideoak