Politika -

Auzitegi Nazionala

Bartzelonan atxilotutako hiru ustezko jihadistak, espetxera

DAESH taldearentzat kideak biltzeko sare bateko partaide izatea egotzita, larunbatean atxilotu zituzten bi gizonezkoak eta emakumea.

agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

DAESH talde jihadistarako kideak errekrutatzea egotzita Katalunian asteburuan atxilotutako hiru lagunak espetxera bidali ditu gaur Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak.

32 eta 42 urteko bi gizonezko eta 24 urteko emakume bat atxilotu zituen Guardia Zibilak Bartzelonan eta Granollersen. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroaren esanetan, emakumeak "maleta egina zeukan" datozen egunetan Afganistanera joateko.

Bi gizonezkoak, jatorriz Tangerrekoak izanagatik ere, Bartzelonan bizi ziren. Barne Ministerioaren arabera, sare sozialen eta Interneteko hainbat plataformaren bitartez Estatu Islamikoaren ideiak zabaldu eta gerra lekuetara bidaltzeko kide berriak bilatzen zituzten bi lagunok.

Granollersko emakumezkoari dagokionez, erradikalizatzeko prozesuan zegoela esan zuen Barne Ministerioak. Horren arabera, Estatu Islamikoaren estrategia partekatzen zuen, eta epe laburrean muturreko talde terroristarekin bat egiteko asmoa zuen.

Desegindako sarearen egitura argitu nahian dabil orain Polizia. Antza denez, sarearen asmoetako bat emakumeak erakartzea zen, eta, behin hori lortuta, lan ezberdinak ematen zizkieten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Bartzelona bideoak Jihadismoa albisteak