Politika -

Auzitegi Nazionala

Titiriteroak espetxetik atera dira

Ismael Moreno epaileak karguekin aske utzi ditu, Fiskaltzak iritziz aldatu ondoren.

Titiriteroak, espetxetik atera ondoren. EFE
Titiriteroak, espetxetik atera ondoren. EFE
Titiriteroak espetxetik atera dira

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ismael Moreno Auzitegi Nazionaleko epaileak karguekin libre utzi ditu Madrilgo inauterietan egindako haurrentzako antzerki batean ETA eta Al Kaida goratzea egotzita espetxeratu zituen titiriteroak, Fiskaltzak ordu batzuk lehenago eskaera hori egin ostean.

Ihes egiteko eta delitua errepikatzeko arriskurik ez dagoela iritzita egin du Fiskaltzak eskaera. Hala ere, ustez terrorismoa goratzeagatik leporatutako delituak mantendu ditu epaileak bi titiriteroen aurka.

Epaileak ontzat eman ditu Raul Garcia Perez eta Alfonso Lazaro de la Torre titiriteroek espetxeratze aginduaren aurka jarri zuten helegitea.

Dena dela, titiriteroak egunero joan beharko dira epaitegira, eta Espainiako Estatutik ateratzea debekatu diete, pasaportea kenduta. Akusatuen defentsaren argudioak entzun ostean, epaileak uste du lotura familiarraren ondorioz, ez dirudiela "Justizia saihesteko" asmorik dutenik.

Bi artistak 17:45ean atera dira Soto del Real espetxetik. Hogei bat lagun izan dituzte zain. Txaloka eta pozik hartu dituzte, besarkadak emanez.

Espetxetik aterata, nahiago izan dute adierazpenik ez egitea. Haien abokatuak, berriz, karguak erretiratzeko ahalegina egingo dutela iragarri du, inolako deliturik egin ez dutelakoan.

Manuela Carmena: "Albiste oso ona da"

Epailearen erabakiaren berri izan aurretik, Manuela Carmena Madrilgo alkatea pozik agertu da Fiskaltzak iritziz aldatu eta bi atxilotuak libre uzteko eskaera egin duelako. "Albiste oso ona da", adierazi du.

Hala ere, gertakari honek eragindako polemikak bere horretan jarraitzen du eta Carmenak gaur ere kritikak jaso ditu. Celia Mayer Kultura zinegotziaren alderdiak (Ganemos Madrid) uste du Carmenak "balentria" gehiago erakutsi behar zuela bi titiriteroak babesterakoan.

Bestalde, Madrilen, Cibeles plazan, 200 bat lagunek elkarretaratzea egin dute bi akusatuei elkartasuna adierazteko. "Artistak dira, ez terroristak" bezalako leloak oihukatu dituzte.

Horrez gain, joan den astearte goizaldean Poliziak gazte bat identifikatu zuen Ourenseko inauterietan, titiriteroz jantzita, 'Gora Alka-ETA' lelodun kartel bat soinean eramateagatik.

Poliziak kasua Ourenseko epaitegiaren esku utzi zuen, terrorismoa goratu ote zuen argitu dezan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala berriak Espainia ETA Gaurko azken ordukoa