Politika -

Diputatuen Kongresua

Pedro Sanchez: 'Ez dago ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengorik'

Presidentegai sozialistaren hitzaldia amaitzearekin batera bukatu da gaurko saioa. Bihar talde parlamentarioen txanda izango da eta ondoren egingo dute lehendabiziko bozketa.

Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiaren inbestidura hitzaldia. Argazkia: EiTB
Pedro Sanchez PSOEren presidentegaiaren inbestidura hitzaldia. Argazkia: EiTB
Sanchez: 'Ez dago ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengorik'

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

16:30ak jota hasi da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentegai sozialistaren inbestidura hitzaldia Espainiako Diputatuen Kongresuan. Haren agerraldiarekin hasi da inbestidura saioa eta haren hitzaldia amaitzearekin batera bukatu da gaurko saioa; izan ere, haren hitzaldia zen eguneko gai bakarra.

Ordubete eta berrogei minutu inguru iraun duen hitzaldian, legegintzaldi berrirako programa aurkeztu eta Diputatuen Kongresuaren konfiantza eskatu du.

Sanchezek agerraldia amaitzean lehendabiziko saioa bukatutzat eman du Patxi Lopez Espainiako Diputatuen Kongresuko presidenteak.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusi eta Espainiako Gobernuko presidente izateko hautagaiak mintzaldiaren hasieran azpimarratu duenez, "aldaketa", "elkarrizketa" eta "alderdi eta ideologia ezberdinak elkar ulertzeko" garaia da.

"Gaur ez gaude hauteskunde kanpainan", nabarmendu du Sanchezek. Haren esanetan, inbestidura saioa akordiorik gabe amaitzen baldin bada diputatuek beren lana "gaizki" egin dutela esan nahiko du, gehiengoaren babesa izango duen akordioa bilatzeko mandatua eman baitie hiritarrek ordezkari politikoei.

Dena den, ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengorik ez dagoela ohartarazi du Sanchezek. PSOEko buruzagiak Podemosi ohartarazi dio "zentzugabea" dela "aulkiez" eta "botere banaketaz" hitz egitea, ezkerreko Gobernu bat eratzeko gehiengo nahikorik ez dagoela argudiatuta. "Baturak ez du ematen. Ezkerrak ez du hauteskunde hauetan diputatu nahikorik eskuratu kolore politiko bakarreko Gobernu bat osatzeko", adierazi du Sanchezek, aukera hori zegoenaren "esperantza faltsua" sortu dela azpimarratu ondoren.

Berbaldian zehar hainbat esaldi errepikatu ditu Sanchezek, ondorengo hau esaterako: "Hori guztia datorren astetik aurrera egin dezakegu". Esaldi hori Pablo Iglesias Podemoseko buruari zuzendutakoa ei zen, alderdi morearen babesa eskatuz.

Hala ere, "aldaketaren aldeko indar politikoek" gehiengo zabala eskuratu dutela nabarmendu du eta batasuna aldarrikatu du "aldaketaren gobernua" osatu ahal izateko, alderdikeriei muzin eginez. Sanchezen hitzetan, adostasunetara heltzeak ez du esan nahi ezeri uko egitea edota inori traizio egitea.

Espainiako Gobernuko presidentegaiak eskerrak eman dizkio Ciudadanos alderdiari "konponbiderako lehen pausoa" emateko "adorea eta ausardia" izateagatik. Haren esanetan, argi eta garbi gelditu da posible dela "ideologia eta programa ezberdinak dituzten bi alderdi politiko adostasunetara heltzea".

Aldi berean, hitz egiteko eta Estatuko gai nagusien gainean akordioetara heltzeko eskua luzatu dio PPri: lurralde batasuna, Konstituzioaren erreforma eta terrorismoaren kontrako borroka, kasu. Halaber, 'popularrek' sozialistak oposizioan egon direnean erakutsi ei duten leialtasun bera izango dutenaren itxaropena agertu du. Gainera, "hautsitako" adostasunak berregiteko deia egin du, Toledoko Ituna edota hezkuntza ituna esaterako.

Gobernu programa

Hautagai sozialistak azpimarratu duenez, Talde Sozialistak "ez du ezer eskatzen, ez dauka marra gorririk, uste sendoak baino". Segidan, haren gobernu programako ildo nagusiak eta proposamenak zerrendatu ditu.

PSOEko idazkari nagusiak zerga iruzurrari eta ezkutuko ekonomiari aurre egiteko plana proposatu du, amnistia fiskal berriak egiteko aukera baztertuko duena. Aldi berean, langileei zerga zama jaistea agindu du eta trukean bestelako zerga batzuk igotzea edota ingurumen zerga ezartzea iradoki du.

Halaber, errekuperazio ekonomiko jasangarri eta justuagoa egonkortzeko hiru konpromiso behar direla aldarrikatu du: lehenengoa, berrikuntzan eta produktibitatearen hobekuntzan oinarrituta egongo den hazkunde eredua ezartzea; bigarrena, Energiari buruzko Estatu ituna; hirugarrena, aurrekontu-egonkortasuna indartzea defizit publikoaren inguruko politikan aldaketak eginez.

Lan alorrean, haren balizko gobernuak 52 urtetik gorako langabeentzako diru-laguntza berreskuratzea eta iraupen luzeko langabeen arazoari aurre egiteko egitasmoa aurrera ateratzea hitz eman du. Halaber, behin-behinekotasunaren eta babesgabetasunaren hazia jarri zuen PPren lan erreformaren hainbat elementu indargabetuko dituela adierazi du. Ildo berean, gehienez ere bi urteko iraupena izango duen behin-behineko kontratua onartuko duela berretsi du.

Hipoteka legearen erreforma egiteko konpromisoa ere hartu du Sanchezek, gehiegizko klausulak bertan behera uzteko eta kaudimen gabezia duten pertsonek alokairu sozialeko etxebizitza baterako sarbidea izan dezaten. Hori ez ezik, lanbide arteko gutxieneko soldata igotzea eta bizitzeko gutxieneko diru-sarrera bat onartzea proposatu du.

Bestalde, osasun ituna aldarrikatu du, Espainian bizi diren pertsona guztiek Espainiako Osasun Sistemarako sarbidea izan dezaten berriz ere, "horien jatorria edo egoera" kontuan hartu gabe.

Erregenerazio demokratikoari dagokionez, "benetako iraultza" bultzatzeko konpromisoa aldarrikatu du. Horien artean, Parlamentuak edota Gobernuak izendatzen dituen Estatuko karguen izendapena egiteko modua aldatzea proposatu du. lldo horretan, Moncloa Jauregira iristen bada, ustelkeria edota genero indarkeria delituengatik zigortutakoei indultua ukatuko diela azpimarratu du.

Sozialistak alderdi politiko guztiei eskua luzatu die Espainiako Konstituzioaren erreformari heltzeko eta bide horretan hilabeteko epean Diputatuen Kongresuan azpibatzorde bat sortzea proposatu du, erreforma horren perimetroa zehaztuko duena.

Azkenik, Kataluniako auzia ere hizpide izan du eta katalanen eta gainerako espainiarren arteko elkar ulertzea bultzatu nahi duela esan du. Haren hitzetan, elkarrizketa falta izan da "urte askoan" Espainiako Gobernuaren eta Kataluniako Generalitatearen artean. Gainera, Generalitatearen eskari batzuekiko konpromisoa erakutsi du, hala nola, Dependentzia Legea, enplegu politika aktiboetarako aurrekontua igotzea edota landa-garapen programetarako diru funtsak berreskuratzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua azken ordukoa Politika PSOE Pedro Sánchez bideoak Gaurko azken ordukoa