Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urkullu: Hauteskundeak ekainaren 26an izan daitezke, edo uda ostean

Espainiako hauteskundeak errepikatuko balira, EAEkoak aurreratzea ez du baztertu lehendakariak. "Egoera normal batean", ordea, uda ostean beharko lukete, Urkulluren aburuz.

Euskadi Irratiko 'Faktoria' saioan izan da gaur Urkullu. Argazkia: EiTB
Urkulluk ez du baztertzen EAEko hauteskundeak ekainaren 26an izatea

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Egoerak egoera", horren arabera erabakiko du Iñigo Urkullu lehendakariak EAEko hauteskundeen data. Izan ere, argudiatu duenez, "egoera normal batean, hauteskundeak uda igaro ondoren izango lirateke", baina ez du baztertu bozak ekainaren 26ra aurreratzea, baldin eta Espainiako Estatuan hauteskundeak errepikatu behar badira.

Urkulluk EAEko hauteskundeen balizko data izan du abiapuntu Euskadi Irratiko elkarrizketan, eta luze eta zabal mintzatu da dauden aukera ezberdinez. Nabarmendu duenez, egoera politikoak baldintzatuko du erabakia. Izan ere, espainiar estatuan hauteskundeak errepikatzeak "ekaina kanpaina hilabetea izatea ekarriko du, eta maiatza, aurre-kanpaina. Legebiltzarraren eta bertoko alderdien giroa nolabait baldintzatuko luke", lehendakariaren irudiko. "Hauteskundeak egiteko egoerarik normalena zein den aztertzen ari naiz", erantsi du.

"Aukeretako bat da (ekainaren 26koa). Baina berriro diot, aztertzen ari naiz. Ez dut erabakirik hartu", zehaztu du. EAEko bozak Espainiakoekin batera egiteak EAJri kalte egin ote diezaiokeen galdetuta, horretan pentsatzen ez duela azpimarratu du lehendakariak; are, EAJk horren kontura "ezer" eskatu ez diola argitu du. "Herritarrengan pentsatzen ari naiz, giro politikoan", nabarmendu du.

EAEko hauteskundeetan Podemos Euskadi lehiatzea eta Arnaldo Otegi EH Bilduko lehendakarigaia izatea bereziki kezkatzen ez duela esan du lehendakariak. Urkulluren esanetan, bozak "normaltasunez" hartzen ditu, "herritarrek erabakitzen" baitute. "Ez dut inolako kezkarik inortaz eta ezertaz", argitu du.

Estatus politiko berria

Agintean 1.000 egun daramatzala baliatuta, asteazken honetan egindako balantzea hizpide, hurrengo legegintzaldi Euskadik estatus politiko berria izatearen aukera nabarmendu du Urkulluk: "Ziur naiz datorren legealdian, denon artean eztabaidatzeko aukera badago, eta betiere errealismo puntu batetik abiatuta, izango dela aukera estatus politiko berri bat izateko".

Izan ere, lehendakariaren aburuz, legegintzaldi honetan autogobernu lantaldea osatzea lortu dute Eusko Legebiltzarrean, eta "indar politikoen arteko harremanak normalizatzen ari dira". Horrez gain, 2016ko hauteskunde autonomikoetan "beste indar politiko batek (Podemos Euskadi) Legebiltzarrean sartzeko aukerak" ditu. Ingurumaria horretan, estatus politiko berri bati "beste ate batzuk irekitzeko aukera" dagoela uste du Urkulluk.

Inazio Uria

Eneko Etxeberria EH Bilduko Azpeitiko alkateak Inazio Uriaren hilketaz esandakoei buruz ere galdetu diote lehendakaria. Altuna y Uria enpresaren 50. urteurrena dela eta, ETAk 2008an hildako enpresaburuari omenaldia egin zioten atzo erakundeek. Etxebarriak bere hitzaldian aitortu zuenez, "ez zegoen inongo arrazoirik Inaxio hiltzeko", eta barkamena eskatu die Uriaren senitartekoei. Adierazpenok "eskertu" dizkio lehendakariak, "egindako sufrimendu bidegabearen aitormen kritikoa" egin behar dela iritzita.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Iñigo Urkullu Hauteskundeak Euskadin 2024 Hauteskunde orokorrak Alderdi politikoak Gaurko azken orduko albistea