Politika -

Hauteskunde orokorrak

Espainiako erregeak sinatu du hauteskundeak deitzeko dekretua

Hauteskunde-kanpaina ekainaren 10ean hasiko da; hauteskundeak ekainaren 26an izango dira; eta oso litekeena da Kongresua uztailaren 19an edo 20an eratzea.

Felipe VI eta Patxi Lopez. Argazkia: Efe
Felipe VI eta Patxi Lopez.
Kongresua eta Senatua uztailaren 19an eratuko dira

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako erregeak gaur sinatu du Gorteak desegiteko eta ekainaren 26ko hauteskunde orokorrak deitzeko dekretua. Horrenbestez, astearte honetan abiaraziko dute hauteskunde-egutegia. Dekretua Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute ordu batzuk geroago.

Felipe VI.ak Patxi Lopez Diputatuen Kongresuko presidentea hartu du Zarzuela Jauregian, 09:30ean, eta dekretua sinatu du.

Espainiako Konstituzioaren arabera, Gorteak desegiteko eta hauteskunde berriak deitzeko ahalmena Espainiako Gobernuko presidentearena da, baina, kasu honetan, Mariano Rajoyk ez du horretarako eskumenik, jarduneko presidentea delako.

Gauzak horrela, eta inbestidura saioa egiteko presidentegairik ez dagoela kontuan hartuta, Espainiako Konstituzioak dio erregearen eginkizuna dela Gorteak desegitea eta hauteskunde berriak deitzea, Kongresuko presidentearen berrespenarekin.

Astearte honetan bertan eskatu ahal izango da posta bidez bozkatzea; maiatzaren 13rako jakinarazi beharko dute alderdiek koalizioan aurkeztuko diren edo ez; eta maiatzaren 23a izango da hautagaitzak aurkezteko azken eguna.

Hauteskunde-kanpaina ekainaren 10ean, 00:00etan, hasiko da; ekainaren 20tik aurrera debekatuta egongo da inkestak argitaratzea; kanpaina ekainaren 24an amaituko da; ekainaren 25a hausnarketa-eguna izango da; eta hauteskundeak ekainaren 26an izango dira.

Erregeak sinatutako dekretuan Diputatuen Kongresua eratzeko data zehaztu da. Hauteskundeak egin eta hurrengo 25 egunetan izan behar dela kontuan hartuta, oso litekeena da uztailaren 19an edo 20an osatzea Espainiako Gorteak.

Lopezen bozkatzeko deia

Patxi Lopez Kongresuko presidenteak hurrengo hauteskundeetan bozkatzeko deia egin die herritar "guztiei", dituzten ideiak dituztela, "etsipenean erori gabe".

Lopezek azpimarratu du bozkatzekoa ez dela "lortutako eskubide baten esentzia" soilik, baizik eta "botererik ez duen jendearen boterea", eta "haserre" egoteko motiboak badituzte ere, "Espainiaren etorkizun politikoa erabakitzea" euren esku dagoela gogorarazi die.

Legealdirik laburrena

Hauteskundeak berriro deituta, ekimen ugari bidean utziko ditu Diputatuen Kongresuak; besteak beste, gutxieneko soldataren igoera, etxegabetzeen aurkako neurriak, pentsioen itun berri baten negoziazioa eta ‘Panamako paperak’ ikertzeko batzorde bat sortzea.

XI. Legealdia historiako laburrenetakoa izango da. Hala ere, errege-dekretu bat onartu dute, epe luzeko langabeei 426 euroko diru-laguntza emateko. Bien bitartean, lege-proposamen eta legez besteko beste proposamen ugari utzi dituzte bidean.

Bertan behera geratuko diren ekimenak berriz bultzatzeko borondatea agertu dute talde parlamentario gehienek. “Politika ekonomikoetan akordio asko” izan direla goraipatu du Pedro Saura PSOEko diputatuak. Horren hitzetan, azken lau hilabeteetan “Parlamentu desberdin bat ikusi ahal izan da, politika ekonomikoa berriz bideratzeko asmoarekin”.

Ekimen batzuk aho batez onartu dituzte diputatuek; gutxieneko soldata igotzea, esaterako. Batez besteko soldataren % 60an kokatzeko, igoera hori egiteko egutegi bat negoziatzea eskatzen zuen ekimenak.

Iruzurraren aurkako borroka

Bestalde, iruzurraren kontrako borrokak PSOE, Podemos eta Ciudadanos batu ditu.

Zentzu horretan, “adostasunak izango direla uste dut”, iragarri du Toni Roldan Ciudadanoseko Ekonomia bozeramaileak. “Hurrengo legealdian ekimenak martxan jartzea bermatu beharra dago. Defendatzen jarraitzeko unea da”, erantsi du.

Amnistiaren eta 'Panamako paperen' arteko lotura ikusteko, ikerketa batzorde bat osatzea eskatuko du berriro PSOEk, Sauraren esanetan.

Larrialdi legea

Askok “25 legea, larrialdi legea” izenarekin ezagutu dena ere espero zuten. Podemosek aurkeztu eta Kongresuak batzordean zuzenketak aurkeztea onartu zuen, baina bertan behera geratuko da alderdi moreak berriro bultzatzea erabaki arte.

Iñigo Errejon Podemoseko bozeramailearen arabera, aurkeztutako proposamenak “ez dira ahaztuko, ematen ari garen aurrerapauso legegile guztiek balio dutelako”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua albisteak Hauteskunde orokorrak Patxi Lopez azken orduko berriak Espainiako Felipe VI.a argazkiak