Politika -
Mikel Zabalza
Agoitzek Zabalza oroitu eta Gobernu Ordezkaritzaren jarrera arbuiatu du
Agoizko Udalak eta Mikel Gogoan Herri Ekimena plataformak antolatu dute ekintza, Zabalzaren figura aintzatetsi asmoz.
Agentziak | Erredakzioa
Agoizko Merkatuko plazak bertan dagoen Mikel Zabalzaren horma-irudiaren inguruan Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzaren jarrera salatzeko ekitaldi bat hartu du gaur arratsaldean. Aipatu mural horretan Zabalza gogoratu eta tortura errefusatzen da.
Agoizko Udalak eta Mikel Gogoan Herri Ekimena plataformak antolatu dute ekintza, Zabalzaren figura aintzatetsi asmoz, Unai Lako Agoizko alkateak adierazi duenez. Horretarako 1985ean jazotako gertakarien kontaketa egin eta auzia argitzeko familiaren borroka nabarmendu dira.
Aldarrikapen hori Gobernu ordezkaritzari helarazi diote, eta haren jarrera arbuiatu dute, Zabalzaren irudia eta tortura hitza jasotzen dituen murala kentzeko eskatu baitu.
Polemika horretan guztian Mikel Zabalzaren figura nahastea deitoratu ostean, horma-irudia ezabatzea eragin dezakeen ezer ez duela ikusten gaineratu du Lakok. Horrez gain, Foru Gobernuari eskatu dio Gobernu Ordezkaritzak hura ezabatzea eskatuz gero, ez egiteko.