Politika -

Ikerketa, abian

Pasaiako Portuko bulegoak miatu ditu Guardia Zibilak

Lonja berriaren lanek eragindako gainkostua dela-eta abiatutako ikerketaren harira egin dituzte miaketok.

11:00ak aldera sartu da Guardia Zibila Pasaiako Portuan. EiTB
Pasaiako Portuaren miaketa. EiTB
Guardia Zibila Pasaiako Portua miatzen ari da

1:14

Agentziak | Erredazkioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pasaiako Portu Agintaritzaren bulegoetan sartu da goizean Guardia Zibila, miaketa egiteko asmoz. Arrain lonja berria egiteko lanek pilatu duten gainkostua ikertzeko agindu zuen Fiskaltzak, eta horren harira, egin dute operazioa. 11:00ak aldera heldu dira Guardia Zibileko agenteak, Portuko iturriek baieztatu dutenez. Europa Press albistea agentziak azaldu duenez, agenteek korridorera ateratzeko eta dokumentazioa erakusteko eskatu diete langileei. Egiaztapenak eginda, kontularitza alorreko ez beste langileei irteten utzi diete. Azken horiei lonjaren lanei buruzko dokumentazioa eta informazioa eskatu diete. Gauerdian amaitu da miaketa.

Arrain lonja berria eraikitzeko lanetan ustez izandako irregulartasunak dira operazioaren iturburu. Lanon adjudikazioan sei delitu egin ote ziren ikertzeko eskatu zion maiatzean Fiskaltzak Donostiako epaitegi bati; honakoak: prebarikazioa, diru publikoa bidegabe erabiltzea, agiri ofizialak faltsutzea, iruzurra, funtzionarioen eroskeria eta negoziazio debekatuak egitea.

Bost urteko lanak eta bost milioi eurotik gorako gainkostua

Lanok 2011n esleitu zituzten, eta oraindik amaitu gabe daude. Berez, 14,9 milioi euroko aurrekontua zuten, baina ustekabeko hainbat arrazoi tarteko, 20 milioi gastatu dituzte jada. Horrez gain, aurreikusi gabeko lan batzuk amaitzea falta denez, guztira 26 milioi euro beharko direla uste du Pasaiako Portu Agintaritzak.

Otsailean geldiarazi zituzten lonja egiteko lanak, Estatuko Portu Agintaritzak egindako ikuskapen batean irregulartasunak zirela eta. Kontu-ikuskapen horren arabera, egindako lanak ordaindutakoarekin bat datoz, baina baimenik eta aurrekontu esleipenik gabe egindako hainbat obra izan direla ohartarazi dute.

Ikuskapenaren emaitza eskuan, Gregorio Irigoyen Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendaria kargutik kendu zuen Ricardo Peña presidenteak eta David Candelario Azpiegitura arloko buruaren kontrako espedientea zabaldu zuen.

Operazio honen inguruan duen iritzia galdetu diote eguerdian Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileari. Gobernu bileraren ondoko prentsaurrekoan jakin duela adierazi du Erkorekak: "Ez ditut ez egitateak ezagutzen", esan du.

Portuko zuzendari ohiak irregulartasunak ukatu ditu

Atzo bertan azalpenak eman zituen Gergorio Irigoyen Pasaiako Portu Agintaritzako zuzendari ohiak Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Haren hitzetan, lonja egiteko lanetan "inork ez du dirua lapurtu, ezta ezer faltsutu ere".

Irigoyenek atzoko agerraldian azaldu zuenez, bazegoen baimen eta esleipen gabe egindako lanak izapidetzeko eta "legalizatzeko" modurik, baina Peña "ez zen inorekin fio", eta dena geldiaraztea erabaki zuen.

Aurretik, maiatzean, Portu Agintaritzako presidenteak Irigoyen egin zuen irregulartasunen erantzule.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Gipuzkoako albisteak Pasaia bideoak Eguneko albisteak