Politika -

Suitzan dago

Txapartegi ez estraditatzea eskatu du Torturaren aurkako Mundu GKEak

Organizazioak salatu duenez, Txapartegik tortura larriak jasan zituen inkomunikazioan egon zen bitartean, eta horren deklarazioetan oinarritu ziren zigorra ezartzeko, 18/98 sumarioaren baitan.

Nekane Txapartegi
Nekane Txapartegi
Nekane Txapartegi

eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak (OMCT) Nekane Txapartegiren Espainiaratzea ez baimentzeko eskatu die Suitzako agintariei.

Suitzako segurtasun indarrek aurreko apirilaren 6an atxilotu zuten Miren Nekane Txapartegi Nieve, Zurichen, Espainiak hala eskatuta. Txapartegiri 6 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten, ETAren kolaboratzaile zelakoan, 18/98 sumarioaren baitan.

Txapartegi -OMCTk dioen arabera- Suitzako bizilaguna izan da azken zazpi urteotan. "Zantzu argiek adierazten dute Txapartegi torturatu egin zutela bere burua erruduntzat agertzeko, eta zigorra horretan oinarritu zen".

1999ko martxoaren 9an -organizazioak azaltzen duenez- Guardia Zibilak Txapartegi atxilotu zuen eta, ondoren, bost egunez inkomunikatuta egon zen. "120 orduko atxilo-aldian, gogor torturatu zuten, besteak beste, hainbat pertsonak bortxatu zuten, jipoitu zuten, plastikozko poltsekin itolarria eman zioten, deskarga elektrikoak ematearekin mehatxatu zuten, ez zioten lo egiten utzi, biluztera behartu zuten eta hilko zutela simulatu zuten".

"Hainbat zantzu izan baziren ere, besteak beste, lekukoen testigantzak, eta torturak eragindako zauriak eta ondorio psikologikoak identifikatu zituzten txosten medikuak,  inkomunikazioan egindako deklarazioetan oinarritu ziren zigortzeko. Gainera, torturagatik Txapartegik aurkeztutako salaketa baztertu egin zuten, ustezko egileen gehiengoa galdekatu barik", azpimarratu du OMCTk.

Azkenik, Torturaren Aurkako Mundu Organizazioak gogorarazi duenez, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainiaren kontra egin du zazpi aldiz, Genevako Hitzarmenaren 3. artikulua urratzeagatik (tortura, tratu krudela eta umiliagarria debekatzen dituena), eta azkenezkoz maiatzaren 31an izan zen, alegia, Xabier Beortegi Martinezen kasua dela eta.

1985.ean sortua, Torturaren Aurkako Mundu Erakundeak tortura, taldekako hilketak, derrigorrezko desagerpena eta edonolako tratu krudel, anker edo umiliagarriren aurka egiten duten Gobernuz Kanpoko Erakundeak biltzen dituen nazioarteko koalizioa da. Mundu osoko 311 organizaziok osatzen dute, Tortura-SOS Sareko kideak, eta milaka korrespontsal ditu herrialde guztietan. OMCT GKEen munduko sare nagusiena da, giza eskubideen defentsan eta sustapenaren arloan.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Europar Batasuna Presoak argazkiak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Suitza albisteak gaur Giza eskubideak gaur Gobernuz Kanpoko Erakundeak