Politika -

Gobernuaren osaketa

Balizko hirugarren hauteskunde orokorretarako egutegia

Rajoyk egun babes nahikorik ez duenez presidente inbesti dezaten, baliteke, ondorioz, abenduaren 25ean beste hauteskunde batzuk izatea.

Diputatuen Kongresua. EiTB
Diputatuen Kongresua. EiTB
Diputatuen Kongresua. EiTB

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Abuztuaren 30ean ekingo diote Espainiako Gobernuko presidentea hautatzeko inbestidura-prozesuari, eta horrek orain arte inoiz ikusi ez dena ekar lezake; izan ere, bi hilen buruan hautagairen batek ez badu Kongresuaren konfiantza eskuratzen, hirugarren hauteskundeak abenduaren 25ean izango dira, Gabon egunean.

Konstituzioaren 99.5 artikuluan honela dago jasota: "Inbestidurarako lehenengo botaziotik bi hilabete igaro ondoren, hautagai batek ere ez baldin badu jaso Kongresuaren konfiantza, Erregeak ganbera biak desegingo ditu, eta hauteskundeetarako deialdia egingo du, Kongresuko lehendakariaren berrespenarekin".

Horrenbestez, Mariano Rajoyk ez badu gehiengo absolutua eskuratzen lehenengo bozketan, abuztuaren 31n, ezta gehiengo sinplea (ezezkoak baino baiezko gehiago) bigarrenean, 48 ordu geroago, irailaren 2an, bi hil geroago geldituko den egutegia abiatuko da.

Hau da, urriaren 31 baino lehen inork ez badu Kongresuaren babesa erdiesten presidente bihurtzeko, Gorteak desegin eta hauteskundeak deituko dituzte, hirugarrenez.

Legediaren arabera hauteskundeak Kongresua eta Senatua desegiteko dekretua sinatu eta 54 egunera egin behar direnez, egutegia kontuan izanda, abenduaren 25ean egin beharko lirateke.

Rajoyren babesak

Une honetan, PP (137) eta Ciudadanos (32) alderdien eserlekuen baturak 169 baiezko boz pilatzen ditu, eta horiei Coalición Canariaren babes ia ziurra batu behar zaie; hots, 170.

Aldeko boto horiekin, Rajoyk ezin dezake irailaren 2ko bigarren bozketa gainditu, kontrako baino aldeko boto gehiago beharko dituelako, eta, gaur egun, 180 diputatu daude hautagai horren kontra: PSOE (85), Unidos Podemos (67), ERC (9), EAJ (5), CDC –PDC, egun– (8), Compromís (4) eta EH Bildu (2).

Rajoyk egun kontra dituen 11 diputaturen abstentzioa beharko luke bigarren bozketan berriro ere presidente izateko.

Hortaz, PPko buruak orain arte lortu dituen babesak ikusita, baliteke hauteskunde orokorrak hirugarrenez deitu behar izatea, eta baita Gabon egunez egitea ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PSOE Albisteak Alderdi Popularra Rajoy albisteak Espainiako Gobernua argazkiak Alderdi politikoak Ciudadanos alderdia Gaurko azken ordukoa