Politika -

Kataluniako erreferenduma

Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako erreferenduma debekatu du

Horrez gain, Carmen Forcadellen kontrako salaketa jarriko du, eta Carles Puigdemonti ohartarazi dio bide penaletik jo dezaketela bere aurka, 2017an erreferenduma egiten bada.

Carles Puigdemont eta Carme Forcadell. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont eta Carme Forcadell. Artxiboko argazkia: EFE
Carles Puigdemont eta Carme Forcadell. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Konstituzionalak aho batez erabaki du Katalunian 2017rako aurreikusita zegoen erreferenduma baliogabetzea. Gainera, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidentearen kontra salaketa jarriko du, deialdi hori onartuta desobedientzia delitua egin duelakoan.

Kataluniako Parlamentuak onartutako bide-orri independentista behin-behinean bertan behera utzi ostean, orain behin betiko erabakia hartu du Konstituzionalak.

Espainiako Gobernuak Auzitegi Konstituzionalera jo zuen, aipatu ebazpenaren aurka eta ekimen horren arduradun guztiak salatuta. Fiskalak lehen eta Auzitegi Konstituzionalak orain, bide bera hartu dute.

Auzitegi Konstituzionalak ez du argitzen ebazpen hori onartuta Kataluniako Parlamentuko Mahaiko ordezkariek deliturik egin duten ala ez, baina fiskalak datozen egunotan aurkeztuko du haien kontrako kereila bana.

Kaltetuak Carme Forcadell, Lluis Corominas, Anna Simo, Joan Josep Nuet eta Ramona Barrufet dira.

Horrenbestez, Auzitegi Konstituzionalak eta Fiskaltzak bigarren aldiz joko dute bide penaletik Forcadellen aurka. Parlamentuan bide-orri independentista bozkatzea ahalbidetzeagatik, desobedientzia eta prebarikazioa leporatu zieten aurretik.

Horrez gain, Auzitegi Konstituzionalak Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta bere Gobernuko kontseilariak ere ohartarazi ditu, debekatutako erreferenduma egiten bada, balizko delitu penalak egitegatik epaitu egingo dituztela esanda.

Auzitegi Konstituzionalak 2016ko abenduaren 14an utzi zuen behin-behinean bertan behera 2017an erreferenduma egitea aurreikusten duen Kataluniako Parlamentuaren ebazpena, Espainiako Gobernuak aurkeztutako salaketa onartuta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Kataluniako erreferenduma gaur Eguneko albisteak Pere Aragonès bideoak Espainiako Auzitegi Konstituzionala